Gizartea -

Bahiketa

Gazte gasteiztar bat askatu dute, Burgoseko etxebizitza batean bost egunez atxikita izan ostean

Ama bat eta haren semea kartzelan sartu dituzte, gaztea giltzapetuta edukitzea leporatuta. Atxilotuek dirua eskatu zioten familiari, gaztea askatu zezaten. Gaztearen senideek salaketa jarri zuten desagertzeagatik.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ama bat eta haren semea kartzelan sartu dituzte Burgoseko etxebizitza batean 24 urteko gazte gasteiztar bat bere borondatearen aurka giltzapetuta edukitzea leporatuta. Poliziak legez kontrako atxiloketa egotzi die.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ostegun honetan man du operazioaren berri. Ertzaintzak eta Polizia Nazionalak modu koordinatuan jardun dute, eta bahitutako gaztea askatu dute.

Polizia-operatiboa irailaren 13an jarri zen martxan. Gasteizen bizi den gaztearen senideek desagertzeagatiko salaketa aurkeztu zuten Ertzaintzaren aurrean, aurreko arratsaldetik ez baitzuten haren berririk, eta telefono-dei bat jaso zuten, hura askatzeko dirua eskatzen.

Ertzaintzaren ikerketaren arabera, litekeena zen Burgosen egotea. Hori dela eta, hilaren 17an, asteartea, Burgosko probintziako poliziarekin koordinatuta, zaintza-dispositibo diskretu bat ezarri zuten gaztea atxikita egon zitekeen etxebizitzaren inguruan.

Berehala, agenteek biktimaren ibilgailua aurkitu zuten hiriaren erdialde-iparralde barrutiko eraikin baten inguruan.

Burgosko Polizia Judizialeko Brigadako kideek, Ertzaintzaren Operazio Berezietako Taldearen laguntzarekin, gaztea aurkitu eta askatu zuten, hilaren 18an. Gazteak itxura atsekabetua zuen, baina osasun-egoera onargarrian zegoen.

Hala ere, Burgosko Unibertsitate Ospitalera eraman zuten, arta zezaten.

Susmagarria zen gaztea eta haren ama atxilotu zituzten, legez kontrako atxiloketaren ustezko erantzule gisa.

Gainera, etxebizitzaren miaketan, agenteek material informatikoa atzeman zuten, eta aztertzen ari dira, gertatutakoa hobeto argitzeko interesgarria izan daitekelakoan.

Gaztea atxiki zuten logelak giltzarrapoa zeukan kanpotik, eta horrek gainerako geletara irtetea eragozten zion.

Gatibualdian, elikadura eta garbiketa pertsonala murriztu zizkioten. Gainera, ibilgailuko giltzak kendu zizkioten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak