Gizartea -

Frantzia

Merah Tolosako hilketaren aurretik atxilotzeko aukera izan zuten

Mohamed Merah eskola judu batean sartu eta sarraskia egiteko bezperan, Frantziako Poliziak hiru soldaduren hilketaren susmagarri nagusitzat jo zuen, baina ez zuen atxilotu.

Frantziako Tolosa. Argazkia: EFE
Frantziako Tolosa.
Frantziako Tolosa. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mohamed Merah Tolosako hiltzailea atxilotzeko aukera izan zuen Frantziako Poliziak, martxoan eskola judu batean sartu eta sarraskia egin aurretik, Liberation Frantziako egunkariak astearte honetan argitaratu duenez.

Magrebtar jatorriko hiru soldadu frantziarren hilketaren atzean ultraeskuina edo muturreko islamismoa zeudela uste zuten Tolosako Polizia Judizialak eta Pariseko Polizia Judizialaren Terrorismoaren Aurkako Zuzendariordetzak.

Merah familiako Mohamed eta Abdelkader anaiak susmagarrien zerrendaren goiko aldean zeuden, Liberation egunkariak zabaldu duenez. Hala ere, segurtasun indarrek faxista, militar edo militar ohien arrastoari jarraitu ziotela gaineratu du aipaturiko frantziar egunkariak.

Liberation egunkariaren arabera, Frantziako Poliziak martxoaren 18an 20:00ak aldera jakin zuen Merah familiako kideak zirela Tolosako hilketaren susmagarri nagusiak, baina ez zituzten atxilotu.

Biharamunean, martxoaren 19an, Mohamed Merah Tolosako eskola judu batean sartu zen eta 30 urteko errabino bat eta haren 4 eta 5 urteko bi umeak hil zituen, baita eskolako zuzendariaren 7 urteko alaba ere. Hiru egun geroago, Poliziak tiroz hil zuen Mohamed Merah, 30 orduz Tolosako bere etxean ezkutatu eta gero.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea