Gizartea -
Ikerketa zabalik dago
Bi atxilotu Gasteizen, polizia plantak eginez lapurtzeagatik
Atxilotuek aurrekari penalak dituzte eta gizon bat gogoz kontra atxikitzea, eta indarkeria erabiliz lapurtzea egozten dizkie Ertzaintzak.
Erredakzioa
34 eta 38 urteko bi gizon atxilotu ditu Ertzaintzak Gasteizen, gizon bat bere borondatearen aurka atxikitzea, haren familia mehatxatzea eta 5.000 euro eta hainbat bitxi lapurtzea egotzita, polizia itxurak eginda.
Gertakariaren berri izandakoan ikerketa abiatu zuen Ertzaintzak, eta, ondorioz, astelehen goizean ustez autoan gizona atxiki zuten gaizkileak identifikatu eta atxilotu zituzten.
Atxilotuek aurrekari penalak dituzte eta gizon bat gogoz kontra atxikitzea eta indarkeria erabiliz lapurtzea egozten zaie, gaur goizean Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.
Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du gertakari honetan zerikusia izan zuten beste bi pertsonak atxilotzeko; guztiak ere polizia plantak eginez delituak egiten dituzten talde antolatu bateko kideak dira.