Gizartea -
Eskolaz kanpoko eskaintza
Basque Culinary Centerrek euskal gastronomia bultzatuko du
Lehen seihilekoan Mondragon Unibertsitateko Gastronomia Zientzien Fakultatean konferentziak entzuteko, euskal sukaldarien ikastaroetan parte hartzeko eta menu bereziak dastatzeko aukera izango da.
Erredakzioa
Euskal sukaldaritza tradizionala bultzatzeko seihileko honetan antolatu dituzten ekimenak aurkeztu dituzte Basque Culinary Centerreko arduradunek gaur goizeko prentsaurrekoan. Eskolaz kanpoko orduetan konferentziak entzuteko, euskal sukaldariek emandako eskoletan parte hartzeko eta euskal produktuekin egindako menu bereziak dastatzeko aukera izango da.
Ostegun Fan Food jardueraren baitan, ostegunero 19:00etatik 21:00etara, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sukaldari gonbidatu baten eskutik plater ezberdinak nola egin erakutsiko da. Adibidez, Gipuzkoako Iribar jatetxeko Pili Manterolak txipiroien entsalada, bildotsa txilindroi erara eta pantxineta egiten erakutsiko du; Zuloaga jatetxeko Alberto Zuloagak pistoa bilbotar erara, bakailaoa bizkaitar erara eta Eusko Gutixia postrea egiten; sukaldariaren izena daraman hoteleko Hector Oribek babak arabar erara, bildots-hankak arabar erara eta sagar erreak egiten irakatsiko du.
Urritik otsailera bitartean, Basque Culinary Centerreko ikasleek 80 menu ezberdin eskainiko dituzte kafetegian, batik bat, euskal gastronomia oinarrituko menuak izango dira, baina ukitu berritzailea izango dute. Menuaren osagaiak aperitiboa, bi plater eta postrea izango dira.
Hamabost egunero hitzaldiak izango dira herritarren artean euskal produktuak zabaltzeko asmoz. Denetara bederatzi hitzaldi izango dira, doan, 18:00etatik aurrera, Basque Culinary Centerren auditoriumean.