Gizartea -
Proposamenak
Euskararen inguruan ausardiaz aritzea eskatu die Kontseiluak alderdiei
Datozen hamar urteotarako hizkuntza politikak izan beharko lituzkeen proposamenak azaldu dizkie Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak alderdi politikoei.
Erredakzioa
Hauteskundeen ''zurrunbilo'' honetan, alderdiei euskarak izango duen garrantzia zein izango den oraindik ez diela entzun salatu du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, eta ausardiaz jokatzeko eta euskaraz bizitzeko benetako urratsak emateko deia egin die, Bilbon, prentsaurrekoan.
Datozen hamar urteotarako hizkuntza politikak izan beharko lituzkeen proposamenak aurkeztu dizkie Kontseiluak alderdi politikoei, eta, hurrengo legegintzaldian Jaurlaritzan egongo direnei hizkuntza politikan benetako iraultza egitea eskatu die. Horretarako, euskararen normalizazioak euskarari dagokion funtzionalitatea itzuli behar diola uste du Kontseiluak, eta, lehen urratsa euskarari estatus egokia ezartzea omen da. Kontseiluko kideen ustez, lehentasunezko helburu izendatu behar da euskara, normalizazio-prozesuan zehar hartu beharreko neurriek oinarri legala izan dezaten.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren ustez, euskararen normalizazio prozesuan egin beharreko aldaketak egiteko ''une ezin aproposagoa'' da hau.