Gizartea -

PlanetCam

EHUk Jupiter eta Saturnoko irudiak hartu ditu lehen aldiz

Kamera astronomikoa da, eta EHUko eta IDOM enpresako Zientzia Planetarioen Taldeak diseinatu du.

PlanetCam EHU. Argazkia: EHU
PlanetCam EHU. Argazkia: EHU

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeak eta IDOM enpresak diseinatutako kamara astronomiko batek Jupiter eta Saturnoren lehen irudiak jaso dituzte. Argazkiak Madrilen izandako Zientzia Planetarioen Europako Biltzarrean Agustin Sanchez Lavega irakasle eta Aula EspaZio Gelako zuzendariaren eskutik aurkeztu dira.

Irudiak PlanetCam UPV/EHU izena jarri dien kamerak jaso ditu, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Tekniko Aula EspaZio Gelako teleskopioaren laguntzaz, baita Frantziako Pic du Midi behatokian dagoen teleskopioarekin eta Almeriako Calar Altokoaren laguntzarekin (Zentro Astronomiko Hispaniar Alemaniarrekoa).

Sanchez Lavega irakasleak adierazi duenez, "lehen emaitzak oso oparoak dira eta kamerak irudi ederrak atera ditzakeela ikusi dugu, aurrerantzean, atmosfera prozesu ezberdinak aztertzeko balio izango dituztenak eta fenomeno arinen jarraipena egiteko, adibidez, meteorito, asteroide, kometa eta gai ezberdinen arteko talkak, batez ere Jupiterren".

IDOM enpresak eta Zientzia Planetarioen Taldeak elkarlanean diseinatu eta fabrikatu dute kamera. Detektagailu oso sentikorra eta bizkorra erabiltzen du, planetak filmatzea ahalbidetzen duena. Jasotzen dituen fotograma bakoitzaren erabilera egokia egin ezkero, lurreko eguratsean egon daitezkeen zurrunbiloak gainditu eta planeten irudi oso gardenak atera ditzake, segundoen iraupena duten gertakariak filmatzeko ahalmena izateaz gain.

PlanetCam UPV/EHU proiektu osoa bi kameren konfigurazioan oinarritzen da. Alde batetik, argi ikusgaiarekin lan egiten duen kanal bat dauka -eraiki eta probatu dena-, eta beste aldetik, argi infragorria detektatzen duen kamera, oraindik proiektua gauzatzen ari dena. Kamera erabat eraikita dagoenean, teleskopiotik sartzen den argia bi ataletan banatzea espero da elementu optiko baten bitartez eta horrela, kamerako kanal bakoitzak une berean planetak grabatu ahal izan ditu argi ikusgai eta infragorriarekin.

PlanetCam UPV/EHU proiektua, heziketa proiektu bat izateaz gain, oinarrizko zientziaren ikerketaren emaitza da, Zientzia eta Teknologia Espazialeko Masterreko bi proiektutan eta ikasturteko doktoretza tesi batean mamitzen dena. Proiektua Eusko Jaularitzak, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministeriok, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Aula EspaZio Gelaren bitartez babestutakoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea