Gizartea -
PERTSONA BAT HIL ZEN
Ertzaintzak laguntza eskatu du Hernanin izandako istripu bat argitzeko
Atzo, 24 urteko gizon bat hil zen Hernanin, zirkulazio-istripuan, eta ezbeharraren inguruko edozein informazio ematea eskatu die Ertzaintzak herritarrei.
Erredakzioa
Atzo Hernanin (Gipuzkoa) izandako istripu batean, 24 urteko gizon bat hil zen. Ertzaintzak herritarrek istripuaren inguruan duten edozein informazio eskatu du, gertakizuna argitzen lagunduko dielakoan.
Ezbeharra arratsaldeko zazpiak aldera gertatu zen, Hernani eta Goizueta lotzen dituen GI-3410 errepidean. Motorzaleak furgoneta batekin talka egin zuen, aurrez aurre. Gaztea istripuaren lekuan bertan suspertzen saiatu ziren, baina ezin izan zuten ezer egin bizia salbatzeko.
Informazio baliagarria duten herritarrek Ertzaintzak jarritako telefono zenbakia (943 53 91 25) daukate eskura.