Gizartea -
Eguraldiaren iragarpena
Ostarteak eta tenperatura freskoagoak, igande honetan EAEn
Aste hasieran ere hodeiak izango ditugu lagun. Gainera, baliteke tantaren bat botatzea. Eguzkia bueltan izango dugu asteartean.
Erredakzioa
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, igandean, hodeiak ikusiko ditugu zeruan baina ostarteak ere tartekatuko dira, eguerdi partean bereziki. Giro oso atsegina espero dugu, maximoak 25-26º-ren bueltan geratuko baitira. Haizeak hegoaldetik joko du goizean eta iparraldetik arratsaldean.
Astelehena hodeiekin hasiko da. Erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusituko dira eta kantauri isurialdean bereziki han-hemenka tanta batzuk utzi ditzake. Dena dela, ostarteak ere tartekatuko dira, arratsaldean eta gauean batik bat. Tenperaturan aldaketarik ez, balio atseginetan mantenduz.
Asteartean udako eguraldi atsegin eta eguzkitsuarekin jarraituko dugu. Goizaldean sortuko diren behe-lainoak berehala desegingo dira eta gainontzeko orduetan zeru urdinean eguzkia jaun eta jabe izango da. Arratsaldetik aurrera erdi mailako hodei eta goi-hodeiak ugarituko dira. Haizea ahul ibiliko da,ekialdekoa nagusituz. Termometroetan 26-27º-tik hurbil geratuko dira eguneko beroenak.