Gizartea -

Nobel Sariak 2012

Shinya Yamanaka, iPS zelulen 'aita'

Zelula horiek edozein ehun sortzeko ahalmena dute, eta aurkikuntza horrek iraultza ekarri du medikuntzara.

Shinya Yamanaka. Argazkia: EFE
Shinya Yamanaka.
Shinya Yamanaka. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

John B. Gurdonekin batera 2012ko Nobel Saria jaso duen Shinya Yamanaka mediku japoniarra iPS zelulen aitatzat jotzen dute. Aipaturiko zelulek edozein ehun sortzeko ahalmena dute, eta aurkikuntza horrek zelulen eta organismoen garapena ulertzeko modua goitik behera aldatu du, Nobel Sariak banatzen dituen epaimahaiaren arabera.

1962ko irailaren 4an jaio zen Shinya Yamanaka Japonia erdialdeko Higaski Osaka hirian. Kobeko Unibertsitatean egin zituen medikuntza ikasketak, eta, ondoren, doktoretza egin zuen Osakako Unibertsitatean. Hiri horretako ospitalean mediku izateko ikasten ari zela erabaki zuen ikerkuntzan aritu nahi zuela eta 1993an San Francisco hirira joan zen.

AEBetako egonaldian Gaixotasun Kardiobaskularren Gladstone Institutuan aritu zen, eta ezustean zelula amekin erlazioa duen genea aurkitu zuen; ondoren arlo horretan egingo zituen ikerkuntzen hasiera zen.

1996. urtean, Japoniara itzuli zen, eta, denboraldi batez Osakako Unibertsitateko eta Narako Zientzia eta Teknologia Institutuko irakasle izan ostean, 2004an, Kiotoko Unibertsitatera joan zen irakasle.

Kirurgia ortopedikoan aditua da Yamanaka, eta eragindako ama zelula pluripotenteak (iPS zelula) sortu zituen 2006an, enbrioi egoeran dauden ama zelulak dituzten ezaugarriekin; ordura arte ezaugarri horiek enbrioi egoeran dauden ama zelulek soilik zituztela uste zuten ikertzaileek.

Arlo horretan lehen urratsak saguen azaletik ateratako zelula helduekin egin zituen, eta gizakien azaleko zelulekin iPS zelulak sortzea lortu zuen 2007rako. Ikerkuntzak iraultza ekarri zuen medikuntzaren arlora, zaharkitua geratu baitzen haren baliokide naturala, enbrioi egoeran dagoen ama zelula, arazo etiko asko dakarrena eta zailtasun asko eragiten dituena. Aurkikuntza horri esker, hainbat sari jaso zituen japoniarrak, besteak beste, Shaw Saria.

Gaur egun, Kioto Unibertsitateko iPS Zelulen Aplikaziorako Ikerketa Zentroko zuzendaria da, eta medikuntza birsortzailea garatzea bultzatzeko lanean ari da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea