Gizartea -
6 hilabete Iñigo Cabacas gabe
Iñigo Gogoan plataformak 'erantzukizunak saihestea' egotzi dio Aresi
Iñigo Cabacas hil eta sei hilabetera, agintariek eta Ertzaintzak erantzukizunak onartu gabe jarraitzen dutela salatu dute.
Erredakzioa
Gaur sei hilabete dira Iñigo Cabacas Athletic Clubeko zalea Ertzaintzaren pilotakada batek jota hil zela, eta oraindik Poliziak eta agintariek "erantzukizunak" onartu ez izana salatu du Iñigo Gogoan plataformak.
Iñigo Cabacasek (28 urtekoa) Ertzaintzaren pilotakada bat jaso zuen apirilaren 5ean, Athleticen partida baten ostean, eta lau egunen buruan hil zen. Ikerketa zabalik dago oraindik auzitegian.
Gaur goizean, hamarka pertsonak elkarretaratzea egin dute Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean, eta ondoren balantzea egin dute.
Plataformak azaldu duenez, "Iñigo ertzain batek jaurtitako pilota batek jota hil zen, baina [agenteak] identifikatu gabe eta erantzukizunak onartu gabe jarraitzen du".
Kideek gogorarazi dutenez, gainera, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak kargua utzi zuen abuztuaren 29an, PSE-EEren hauteskunde kanpaina koordinatzeko. Horrenbestez, erantzule politiko zuzenak ardurak "saihestu" egin baditu, ertzain bati nekez eskatuko dizkiotela iritzi diote.
Auzia auzitegietan ez aurrera ez atzera dagoela ere salatu dute. "Zeren zain daude? Hauteskundeak pasatzea nahi dute?", galdetu dute.
"Iñigoren heriotzak azkena izan behar du, eta, horretarako, poliziek gerra-armak erabiltzeari utzi beharko diote. Polizia eredu hau agortuta dago, eta salatzen jarraituko dugu neurri eraginkorrak abiatu arte, arduradun politikoek eta polizialek erantzukizunak onartu arte eta inpunitatea amaitu arte", nabarmendu dute.
Arratsaldean, Iñigoren lagunek omenaldia egin diote Basauriko jaietan. Bertan, haren omenezko plaka bat jarri dute Axular plazan. Udalak ere ekitaldian parte hartu du. Ehunka pertsona bildu dira Iñigok bere haurtzaroa pasatu zuen lekuan hura gogoratzeko. Ekitaldia sinbolismoz beteta egon da. Bestalde, “oraindik erantzuteko galdera asko” geratzen direla azaldu dute.