Gizartea -

AURREAN GEHIEGI EGOTEAK

Pediatrek pantailek eragin ditzaketen arazoez ohartarazi dute

Pantailen aurrean gehiegi egoteak epe luzean umeen garapen fisikoari eta ezagutza-funtzioei kalte egin diezaiekeela jakinarazi dute medikuek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pediatrek umeek telebista edo ordenagailuaren aurrean pasatzen duten denbora mugatzeko eskatu die Britainia Handiko Osasun agintariei. Pantailen aurrean gehiegi egoteak epe luzera garapen fisikoari eta ezagutza-funtzioei eragin baitiezaieke.

Aric Sigman doktorearen arabera, britainiar umeek batez beste sei ordu ematen dituzte etxean pantailen aurrean, eta horri eskolan ematen dituzten orduak gehitu behar zaizkio. Ameriketako Estatu Batuetan, aldiz, batez beste, zortzi ordu ematen dituzte horrela.

Sigman doktorearen esanetan, umearen bizitzako lehenengo hiru urteetan izaten dira burmuineko kalterik larrienak, fase horretan inguruarekin, eta ez makina batekin, komunikatzeko premia baitute.

Horrez gain, gizentasuna eta bihotzeko arazoak izateko arriskua nabarmen areagotzen da mugimendu gutxiko bizimodua izanez gero.

Horregatik, 3 eta 16 urte bitarteko umeek egunean pantaila aurrean bi ordu baino gutxiago emateko aholkatu du Sigman doktoreak, eta hiru urtetik beherakoek harremanik ez izatea horiekin.

AEBetan, Kanadan eta Australian gomendioak eman dituzte jada umeek pantailen aurrean eman beharreko denborari buruz, baina Britainia Handian oraindik ez da halakorik egin, eta, horren aurrean, pediatrak kezkatuta agertu dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea