Gizartea -

120.000 TXERTO

Gripearen kontrako txertoaren kanpaina hasi da Nafarroan

Kanpainak arreta berezia jarriko du 60 eta 65 urte bitarteko pertsonengan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroan, hasi da gripearen kontrako txertoaren kanpaina. Aurten, 120.000 dosi jaso dituzte, eta 60-65 urte bitarteko pertsonengan arreta berezia jarriko dute.

Azaroaren 30era arte jaso ahal izango da txertoa. Gripearen aurkako dosiak 3,92 euroko kostua du, baina herritarrei dohainik eskainiko dizkiete.

60 urtetik gorakoek, sei hilabete eta bi urte arteko umeek eta biriketako arazoak edota arazo kardiobaskular kronikoak dituzten pertsonek konplikazioak izateko arrisku handiagoa dute, birusak hartzen baditu.

Pertsona horiekin lanean dagoen jendeak txertoa jartzeko aukera izango du. Horrela, medikuek, osasun zerbitzuetako profesionalek, adinekoen egoitzetan lan egiten dutenek eta arrisku talderen bateko pertsona bat zaintzen dutenek jaso ahal izango dute dosia.

Zerbitzu publikoetan lan egiten duten profesionalek ere izango dute txertoa jartzeko aukera: suhiltzaileak, poliziak, irakasleak eta babes zibileko profesionalak. Hegazti haztegietan lan egiten dutenei ere gomendatu diete dosia hartzea.

Iaz, 112.000 txerto jarri zituzten. 49 pertsona ospitaleratu zituzten, eta 15 pertsona zainketa berezien unitatera eraman behar izan zituzten. Gehienak bost urte baino gutxiagoko umeak izan ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea