Gizartea -

Epaiketa Coruñan

'Prestige'ren marea beltza, akusatuen aulkian

Hamar urteren ostean, lau pertsona epaituko dituzte gaurtik Coruñan, baina horien artean ez da izango erantzule politikorik.

Hainbat boluntario, 'Prestige'ren marea beltzak kostaldera eramandako erregaia garbitzen. EITB
Hainbat boluntario, 'Prestige'ren marea beltzak kostaldera eramandako erregaia garbitzen. EITB
Hainbat boluntario, 'Prestige'ren marea beltzak kostaldera eramandako erregaia garbitzen. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Prestige petrolio-ontziak Galiziako kostaldean marea beltza sortu eta 10 urtera, gaur hasiko dira lurralde horretako hondamendi natural handiena epaitzen, Coruñan. Guztira lau pertsona daude auzipetuta, baina horien artean ez dago erantzule politikorik.

Hasiera batean, akusatuen deklarazioak azaroaren 13an hasiko dira, petrolio-ontziak istripua izan zuela 10 urte beteko diren egunean hain justu, eta epaiketa 2013ko maiatzean bukatuko da.

Hain zuzen ere, honakoak eseriko dira akusatuen aulkian: Apostolos Manguras kapitaina (77 urteko greziarra, Fiskaltzak 12 urteko espetxe zigorra eskatu du horrentzat, besteak beste ingurumenaren aurkako atentatua egitea egotzita); Ireneo Maloto lehen ofiziala (Filipinetakoa da, egun desagertuta dago); Nikolaos Argyropoulos makina-arloko burua eta Jose Luis Lopez-Sors Merkataritza Nabigazioko zuzendari ohia, petrolio-ontzia sei egunez noraezean edukitzea egotzita.

Greenpeace GKE ekologistak eserlekuan erantzule politikorik ez izatea salatu du. Besteak beste, Mariano Rajoyk (krisia koordinatu eta kudeatu zuen, Espainiako Gobernuko presidenteorde gisa) eta Francisco Alvarez Cascos (Sustapen), Jaume Matas (Ingurumen), Miguel Arias Cañete (Arrantza) eta Ana Pastor (Osasun) ministroek ere auzipetuta egon beharko luketela iritzi dio.

Fiskaltzak kapitainarentzat baino ez du eskatu espetxe zigorra, baina akusazio partikularrek (hainbat elkarte) gainerakoentzat ere eskatu dute.

Halaber, The London Steam-Ship Owners Mutual Insurance Association Limited aseguru-etxea eta Kalte-ordainketetarako Nazioarteko Funtsa arduradun zibil zuzenak bezala auzipetuta daude, eta Mare Shipping Inc eta Universe Maritime Ltd ontzi-enpresak eta Espainiako Estatua erantzule zibil subsidiario gisa.

Orotara, 2.233,76 milioi euroko kalte-ordainak eskatuko dituzte epaiketan, baina, saioaren hasieran, Fiskaltzak Santiagoko Unibertsitateko aditu batek egindako ikerketa bat aurkeztuko du. Horrek 4.000 milioi eurora igotzen du kalte materialen balioa.

Epaiketa horren handia izango da, ezen Expocoruña erakustazokan egingo baitute. Hona epaiketaren zenbaki batzuk: 2.128 alde pertsonatuta, 133 lekuko, 98 aditu, 51 abokatu, 21 prokuradore...

Prestigeren tragedia

Prestige petrolio-ontziak 2002.eko azaroaren 13an izan zuen istripua, eta sei egunen buruan, bitan zatitu eta hondoratu egin zen, Galiziako kostaldetik 250 kilometrora. Une horretan, 77.033 tona erregai zeramatzan, eta inoizko itsas hondamendi ekologiko handienetakoa eragin zuen.

Istripua jazo eta gero, bi helikoptero bertaratu ziren, eta 27 tripulatzaileetako 24 erreskatatu zituzten. Kapitaina, lehen ofiziala eta makina-arloko burua ontzian geratu ziren.

Petrolio-ontzia San Petesburgotik (Errusia) zetorren, eta Gibraltarrerako bidean zegoen. Ezbeharraren ostean, agintariek itsasoan barrena garraiatzea agindu zuten, portura eramatea beharrean.

Marea beltza Frantziara heldu zen, eta Euskal Herriko kostaldean ere kalteak izan ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea