Gizartea -

BILBON

Hainbat adituk berdintasun politikak aztertuko dituzte

Mundu osoko 400 adituk hartuko dute parte topaketetan. Krisi ekonomikoaren testuinguruan zer-nolako politikak erabiltzen diren aztertuko dute Euskalduna Jauregian.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

400 adituk baino gehiagok parte hartuko dute Bilboko Euskalduna Jauregian, berdintasunaren inguruko ekitaldian. Han, krisi ekonomikoaren testuinguruan zein motatako politikak egiten diren aztertuko dute. Biltzarra urriaren 17tik 19ra izango da.

Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak eta Arantxa Elizondo idazkari nagusiak aurkeztu dute Gizon eta Emakumeen arteko Berdintasunerako Biltzarra.Silvestrek azpimarratu duenez, “krisi ekonomiko gogor” baten aurrean ere, “berdintasunerako politikak ez dira alferrikako xahupenak”.

Hasierako hitzaldia, “Genero berdintasuna eta arriskuaren gizartea”, Virginia Maquieira Madrileko Unibertsitateko Gizarte Antropologia irakasleak emango du. Kongresuan, lau saio egingo dituzte guztira, eta 60 hitzaldi emango dituzte. Lehengoak mundu globalizatuaren erronkak aztertuko ditu, berdintasunaren alorrean. Horretarako, Amaia Perez Orozco ekonomialari feministak; Gloria Bonder FLASCOko Genero, Gizarte eta Politika zuzendariak eta Wassyla Tamzali Emakumeen Eskubideetarako UNESCOren zuzendari ohiak hartuko dute hitza.

Arratsaldean, bigarren bilkuran, “Arazo globalen ikusmolde desberdinak: berdintasunerako proposamenak” gaia jorratuko dute. Christine Epoluke Afrikako emakume ministroen elkarteko lehendakariordea, Kate Lappin APWLDko lurralde koordinatzailea eta Roxana Delgado NBE-Emakumeaken Salvadorreko koordinatzailea arituko dira solasean.

Bigarren egunean, beste alor batzuk izango dira mahai gainean, berdintasunerako estrategiak eta Europaren esku hartzea adibidez. Paola Villa Trentoko Unibertsitateko Ekonomia irakaslea, María Bustelo Madrileko Unibertsitateko Politika Publikoen irakaslea, Rosa Escapa Emakumeen Europar Lobbyen zuzendaria eta Jose Angel Lozoya Gizonezkoen Berdintasunaren aldeko Foroaren kidea mintzatuko dira gai horiez.

Hirugarren egunean, azkenik, “Mugimendu feminista eta emakumeen antolakuntza krisiaren aurrean” izango dute hizpide Begoña San Jose Politika Feministako Formuaren koordinatzaileak, Teresa Maldonado filosofo, Bigarren Hezkuntzako irakasle eta mugimendu feministako kideak eta Shams Abdi Tunisiako Emakumeen Martxako kideak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea