Gizartea -

Dirua zuritzeagatik

80 lagun inguru atxilotuta, mafia txinatarren aurkako operazioan

"Enperadore Operazioan" atxilotutakoek 200 eta 300 milioi euro artean zuritzen zuten urtero. Nacho Vidal aktore pornoa eta Fuenlabradako zinegotzi sozialista bat daude atxilotuen artean.

"Enperadore operazioa". Argazkia: EFE
"Enperadore operazioa".
70 lagunetik gora atxilotuta, mafia txinatarren aurkako operazioan

01:06

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mafia txinatarren aurkako "Enperadore operazioa", besteak beste, EAEn, Gaztela eta Leonen, Malagan, Madrilen eta Bartzelonan egiten ari dira.

Momentuz 80 lagun inguru atxilotu dituzte, baina denera 108 atxilotze agindu eman dituzte. Halaber, 202 ibilgailu eta diru kantitate handiak atzeman dituzte, hainbat etxebizitzatan eta industria-nabeetan egindako miaketetan. Atxilotuen artean, erakunde antolatuko Gao Ping buruzagi txinatarra, Nacho Vidal aktore pornoa eta Jose Borras Fuenlabradako Hiritarren Segurtasunerako zinegotzi sozialista daude. Auzitegi Nazionalak Txinako negozioen kontrabandoaren aurka inoiz egindako operazio handiena da. Atxilotutakoek 200 eta 300 milioi euro artean zuritzen zuten urtero.

Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak zuzentzen du operazioa eta Polizia Nazionala eta Aduanetako Zaintza Zerbitzua dago lanean. Fuenlabradako Cobo Callejako poligonoa da operazioaren erdigunea, bertan handizkako salmenta egiten duten merkatari txinatar askoren enpresak baitaude.

Ikerketa orain dela bi urte hasi zen, Cobo Calleja industria-gunean Txinatik ekarritako hainbat edukiontzi atzeman zituztenean. Bertan, "denda txinatarren produktu merkeak" zeuden eta ustelkeriaren aurkako Fiskaltza ikerketa lanetan hasi zen. Produktuak ez zirela Ogasunean deklaratzen ondorioztatu zuten.

Gainera, atxilotutakoek produktu horien salmentarekin lortutako diru beltza bi eratara "zuritzen" zuten: batetik, dirua poltsetan sartu eta trenez Txinara bidaliz; bestetik, Espainiako eta Israeleko hainbat lagunek iruzurra estaltzeko sortutako elkarteen bitartez zerga paradisuetara eramanez.

Irabazitako diruarekin beste enpresa batzuk sortzen zituzten. Hhorregatik, hauekin lotutako hainbat enpresa ere ikertu dituzte, besteak beste, karaokeak, jatetxeak eta prostituziorako lokalak.

Madrileko Alderdi Sozialistaren Erreakzioa

Zinegotzi sozialistaren inplikazio maila ezagutzen ez den arren, inputatutako ekintzak berretsiz gero alderdiak erantzun "irmoa" emango duela esan du Tomas Gomez Madrileko Alderdi Sozialistaren idazkari orokorrak; zinegotzi akta kendu eta militante gisa zuhurtasunezko zigorra ezarriko diotela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea