Gizartea -
BILBON
Bikote bat atxilotu dute, elkarri erasotzea leporatuta
Eztabaida gogor baten ondoren, elkarri eraso egin zioten. Gizonezkoak labankada bat zeukan sorbaldan, eta emakumeak kolpe ugari jaso zuen buruan.
Erredakzioa
Atzo, Ertzaintzako agenteek bikote bat atxilotu zuten, elkarri erasotzea leporatuta. Bikoteak Santutxu auzoan duen etxebizitzan jazo zen liskarra.
Gertakariak atzo jazo ziren, 15:15ean. Bikotekideek (22 eta 23 urte) eztabaida gogorra izan zuten, eta ondoren elkarri eraso zioten.
Etxebizitzara joan zirenean, gizonezkoak sorbaldan labankada batek eragindako zauria zuela eta bertatik odola zeriola ikusi zuten agenteek. Emakumeak, aldiz, buruan jaso zituen kolpeen ondorioz, aurpegia gorrituta eta ilea nahasita zituen.
Liskarraren ondoren, gizonezkoak Ertzaintzara deitu zuen, eta, bi bertsioak entzun ondoren, biak atxilotu zituzten agenteek; bati genero indarkeria leporatu diote, eta besteari etxe barruko indarkeria.