Gizartea -
Mafia txinatarren kontra
60.000 euroko fidantzak, 'Enperadore Operazioan' atxilotutakoentzat
84 lagun atxilotu dituzte, eta dagoeneko Auzitegi Nazionaleko Andreu epailearen aurretik igarotzen hasi dira. Poliziaren iturrien arabera, oraindik atxiloketa gehiago egon daitezke.
Erredakzioa
Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak 40.000 eta 60.000 euro arteko fidantzak eskatu dizkie "Enperadore Operazioan" atxilotutakoei. Dagoeneko Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epailearen aurretik pasatu dira.
Atzo eta gaur bitartean 10 milioi euro atzeman ditu Poliziak eskudirutan, 'Enperadore' operazioaren baitan. Ustez dirua zuritzen zuten txinatar mafien aurkako operazioa jarri dute martxan, eta, orain arte, 83 pertsona atxilotu dituzte. Poliziak jakitera eman duenez, horietatik 17 dira espainiarrak, 58 txinatarrak, eta, gainontzekoak, beste nazionalitate batzuetakoak. Oraindik atxiloketa gehiago egon daitezkela ziurtatu dute Poliziako iturriek.
Denera, baina, 108 atxilotze agindueman dituzte. Operazioa, besteak beste, EAEn, Gaztela eta Leonen, Malagan, Madrilen eta Bartzelonan egiten ari dira, eta 202 ibilgailu ere atzemandituzte hainbat etxebizitzatan eta industria-nabeetan egindakomiaketetan. Atxilotutakoek 200 eta 300 milioi euro artean zuritzen omen zuten urtero.
Epaile aurrean
Atxilotutako 84 lagunetatik 20k gaur bertan deklaratuko dute Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean. Atxilotuen artean, erakunde antolatuko Gao Ping buruzagi txinatarra, Nacho Vidal aktore pornoa eta Jose Borras Fuenlabradako Hiritarren Segurtasunerako zinegotzi sozialista daude.
Poliziaren inspektorea, aske
Operazioan atxilotu zuten poliziaren inspektorea aske gelditu da baina Auzitegi Nazionaleko epailearen aurretik pasatu beharko du datorren astean.
Madrilgo "China Town''
Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak zuzentzen du operazioa eta Polizia Nazionala eta Aduanetako Zaintza Zerbitzua dago lanean. Fuenlabradako Cobo Callejako poligonoa da operazioaren erdigunea, bertan handizkako salmenta egiten duten merkatari txinatar askoren enpresak baitaude.
Ikerketa orain dela bi urte hasi zen, Cobo Calleja industria-gunean Txinatik ekarritako hainbat edukiontzi atzeman zituztenean. Bertan, "denda txinatarren produktu merkeak" zeuden eta ustelkeriaren aurkako Fiskaltza ikerketa lanetan hasi zen. Produktuak ez zirela Ogasunean deklaratzen ondorioztatu zuten.
Dirua zuritzeko bi modu
Gainera, atxilotutakoek produktu horien salmentarekin lortutako diru beltza bi eratara "zuritzen" zuten: batetik, dirua poltsetan sartu eta trenez Txinara bidaliz; bestetik, Espainiako eta Israeleko hainbat lagunek iruzurra estaltzeko sortutako elkarteen bitartez zerga paradisuetara eramanez.
Irabazitako diruarekin beste enpresa batzuk sortzen zituzten. Horregatik, hauekin lotutako hainbat enpresa ere ikertu dituzte, besteak beste, karaokeak, jatetxeak eta prostituziorako lokalak.