Gizartea -
Indarkeria zantzuekin
83 urteko gizon baten gorpua aurkitu dute Getxoko etxebizitza batean
Alabak aurkitu du aitaren gorpua odol putzu baten artean. Dirudienez, gizonak labankada bat jaso du lepoan. Ertzaintzak ez du inolako hipotesirik baztertzen.
Erredakzioa
Ertzaintzak 83 urteko gizon baten gorpua aurkitu du asteazken honetan Algortako (Getxo) Ollarretxe kalean. Gorpuak indarkeri-zantzuak ditu, eta, dirudienez, gizonak labankada bat jaso du lepoan.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak azaldu duenez, senitarteko batek hildakoaren etxera joateko eskatu die Ertzaintzaren agenteei asteazken goizeko hamarrak inguruan. Ertzaintza heriotzaren nondik-borakoak ikertzen ari da.
Alabak aurkitu du gorpua
Etxebizitzaren azpian dagoen taberna bateko jabeak EFE agentziari azaldu dionez, hildakoaren alabak aurkitu du gorpua.
Hilketaren egile edo egileak atzeko patiotik sartu direla esan du (horma txiki batetik salto eginez erraz igo daiteke) eta bertatik etxeko kristalak hautsi omen dituzte barrura sartzeko. "Alaba gosaria eramatera joan denean, sukaldea kristalez beterik zegoela ikusi du, eta lurrean aita aurkitu du odol putzu baten artean".
Alaba atzoko bederatziak arte aitaren etxean egon zela azaldu du eta goizean gosaria emateko bueltatu dela. "Goizaldeko ordu biak edo hirurak artean gertatu omen da, eta bizilagun batzuen arabera, soinuak entzun dira"; gaineratu du.