Gizartea -
Epaiketa
Argazki bat eta manta bat, Azkoitiko krimenaren ikerketaren gakoak
Epaiketaren bigarren saioan, susmagarrien atzetik ibili ziren ertzainek eta ikerketako idazkariak deklaratu dute.
Erredakzioa
Azkoitian hilda agertu zen gizonaren gorpua biltzen zuten mantak, mailu batekin buruan zuen kolpea eta akusatuetako baten argazkia izan dira ikerketaren gakoak.
Hori azaldu dute ikerketan parte hartu zuten ertzainek. Epaiketaren bigarren saioan, ertzainek eta ikerketako idazkariak deklaratu dute.
Gipuzkoako Fiskaltzak eta akusazio partikularrak (hildakoaren alaba) 20 eta 29 arteko espetxe zigorra eskatzen dute Felipe R.A., Juan Carlos F.D. eta Oscar D.C. hiru akusatuentzat. Defentsek, ordea, aske uztea eskatu dute.
2009ko ekainaren 12an gertatu zen hilketa, Fiskaltzaren behin-behineko idatziaren arabera. Ustez, auzipetuek droga hornidurarekin zerikusia zuen negozio bat egiteko asmoa zutela sinestarazi zioten hildakoari, eta Elgoibarko enpresa batera eraman zuten. Bertan, ustez hil egin zuten eta ondoren, Madarixan ezkutatu zuten gorpua.
Ertzainek gaur deklaratu dutenaren arabera, gorpua aurkitu zuten tokiaren ondoan hildakoaren identifikazio txartela topatu zuten, eta era horretan, zein zen jakin ahal izan zuten eta bi hilabete lehenago salaketa jarrita zegoela ohartarazi zuten.
Era honetan, desagertu zen egunean Erandioko taberna batean egon zela ondorioztatu zuten, eta gazte bat bertara bere bila joan zela ikusi zuten. Lokaleko kamerek grabatu zuten irudia eta honela Oscar D.C. susmagarria identifikatu zuten.
Bestalde, gorpua biltzen zuten mantak soldadurarako erabili ohi direnak direla frogatu zuten, eta buruan zuen kolpea bolazko mailu batekin egin zela. Horregatik eraikuntzarekin lotutako lagunekin lotu zuten gertaera.
Oscar Elgoibarren bizi zela egiaztatu zuten eta horren telefonoa ikertuz Felipe R.A. eta azken honen enpresarekin harremana zuela ikusi zuten. "Zirkulua" ixten joan ziren eta hirugarren akusatuarekin ere topo egin zuten.
Halaber, inputatuen telefonoak eta hildakoarena aztertuz Elgoibarren egon zirela ondorioztatu zuten.
Epaiketak bihar jarraituko du lekuko berrien testigantzekin.