Gizartea -
Ezbeharra
Emakume bat hil da auto istripu batean, Balmasedan
Kamioi batek eta auto batek aurrez-aurre jo dute elkar, eta autoko gidaria harrapatuta gelditu da. Oraindik, itxita dago BI-636 errepideko errei bat.
Erredakzioa
35 urteko emakume bat hil da auto istripu batean BI-636 errepidean, Balmasedan. Emakumeak gidatzen zuen autoak eta kamioi batek aurrez aurre jo dute elkar, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.
Istripua 07:50ean gertatu da, eta, kolpearen ondorioz, emakumea autoaren barruan harrapatuta gelditu da. Oraindik ez dakite zerk eragin duen istripua, Herrizaingo Sailak ohar bidez adierazi duenez.
Ezbeharraren lekura anbulantzia medikalizatu bat joan da, baina, medikuek bihotz-biriketako bizkortze animazioa egin badiote ere, ezin izan dute emakumearen bizia salbatzeko ezer egin, zaurien larritasuna zela eta.
Istripuaren eraginez, errepidea erabat itxita gelditu da, eta, une honetan, itxita dago oraindik errepideko errei bat eta grua ibilgailuak kentzeko lanean ari da.