Gizartea -
San Fermin ikastola
Milaka lagunek euriari aurre egin diote Nafarroa Oinezen
Lau karpa handi jarri dituzte eremu eztaliak sortzeko eta aparkalekua ere moldatu egin dute. 8,5 kilometroko ibilibidea ia osorik asfaltatuta dagoela azpimarratu dute antolatzaileek.
Erredakzioa
Nafarroa Oinez 2012ko antolatzaileek dena prest dute gaurko festa hasteko, nahiz eta egunotan eurite gogorrak izan Nafarroako Foru Erkidegoan.
Eguraldi zakarraren ondorioz, San Fermin ikastolak neurri bereziak hartu ditu euriari aurre egiteko, eta lan handiagoa ere egin dute. Ibilbideak 8,5 kilometroko luzeera du eta Zizur Txikia eta Zizur Handia lotuko ditu. Guztira, 1.800 boluntario izango dira lanean.
Prentsa ohar baten bidez adierazitakoaren arabera, antolatzaileek lau karpa jarri dituzte eztalitako eremuak sortzeko, eta autoak aparkatzeko lekuak moldatu dituzte. Hala ere, Iruñea eta inguruetako herritarrei garraio publikoa erabiltzeko deia egin diete.
Eguerdian egindako koordinaziorako bileraren ostean, jaia normal ospatuko dute adierazi dute eta jendea Zizur Txikira joateko animatu dute, euskarari eta Nafarroa Oinezeri elkartasuna adierazteko.
Horrez gain, zirkuitoaren zati handiena asfaltatuta dagoela azpimarratu dute.
Aparkaleku bakarra
Eguraldi kaskarraren eraginez, Inquinasan zabaldu behar zuten aparkalekua (P2) ez da erabiltzeko modurik izango, eta, oztopo horri aurre egiteko, Ardoiko aparkalekua (AP1) handitu egin dute.
Bestalde, inguruko biztanleei garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egin diete, eta egoera zein den ikusita, gomendio horri jarraitzea "inoiz baino garrantzitsuagoa" dela azpimarratu dute.