Gizartea -
Tirotzailearen bila dabiltza
Bi hildako eta zauritu bat Albaceten izandako tiroketan
Gertaera larunbateko 19:20ean izan da eta hildakoetako bat 13 urteko neskatoa da. Guardia Zibila 39 urteko gizon baten bila dabil ustezko hiltzailea delakoan.
Erredakzioa
Bi pertsona hil dira eta beste bat zauritu da Albaceteko El Salobral alkate-auzoan izandako tiroketan, Gaztela-Mantxako Gobernu Ordezkaritzaren arabera.
Beste informazio batzuek zabaldu dutenez, tiroketa 19:20an izan da eta hildakoetako bat 13 urteko neskatoa da.
Gertaeraren lekura hiru UVI mugikor joan dira eta Guardia Zibileko lau patruila. Oraindik ez dute ustezko hiltzailea, 39 urteko auzokidea, atxilotu eta Guardia Zibila bilatze lanetan dabil.
Guardia Zibilak hesiz inguratuta mantentzen du tiroketaren zonaldea, eta herria itxita dago. Gainera, auzokideei etxetik ez irtetzeko eskatu diete.
Gauerdi aldera gorpuak Albaceteko ospitalera eraman dituzte, autopsia egin diezaieten.