Gizartea -
Errenteria
Sei urteko zigorra, adingabeen zentroko monitore bati erasotzeagatik
Kondenatuak 44.637 euroko kalte-ordainak eman beharko dizkio biktimari. Erasoa 2009an jazo zen.
Erredakzioa
Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak sei urteko espetxe zigorra ezarri dio 2009an Errenterian adingabeen zentroko monitore bati jipoia eman zioten sei gazteetako bati. Gazteak 44.637 euroko kalte-ordainak eman beharko dizkio.
Erasoa 2009. urteko azaroaren 1ean jazo zen. Egun horretan, monitorea gaueko txanda egiteko joan zen Mendiska zentrora. Zentro hori adin gabeentzakoa da, baina akusatua adin nagusia zen une horretan.
Txanda hasi eta minutu gutxira, sei gazte disolbatzaileak arnasten ari zirela atzeman zuen monitoriak, eta, beraz, egindakoa aurpegiratu eta gero, koordinatzailea ohartarazi zuen.
Orduan, gazteek monitorea inguratu zuten, arma zuriak atera zituzten, eta kolpeka hasi ziren. Halaber, zentroko kutxa gotorra hautsi eta 2.000 euro ostu zituzten.
Horren ostean, monitoreari ere lapurtu zioten, eta zentroan kalte materialak sortzen hasi ziren, diru bila. Halaber, gizonezkoari autoaren giltzak kendu, eta Donostiara eramateko agindu zioten, kutxazain batera joateko.
Koordinatzaileak monitoreari deitu zion, eta telefonoa adingabeetako batek hartu zuela ikusita, Ertzaintza ohartarazi zuen. Agenteak hara joan ziren, eta gazteek ihes egin zuten, baina atxilotu ahal izan zituzten.
Monitorea artatu behar izan zuten, eta beldurraren ondorioz, ezin izan du berriz hezitzaile lanetan aritu. Gainera, gertatutakoaren ondorioz, etxean ere krisia izan zuen, eta emaztearengandik banandu egin zen.