Gizartea -
Elikadura-subiranotasuna
'Elikadura eskubidea da, ez merkantzia'
Hainbat baserritarrek protesta egin dute Bilbon "alternatiba bat" dagoela aldarrikatzeko, "elikadura-subiranotasunean oinarritutakoa eta lanpostu ugari sor ditzakeena".
Erredakzioa
Lehen sektoreko bostehun langile inguruk manifestazioa egin dute Bilbon, Etxalde kolektiboak deituta, elikadura eskubidea dela aldarrikatzeko eta elikadura-subiranotasunaren alde egiteko.
Protestan izan dira Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia, Oskar Matute Alternatibako liderra eta Maite Ariztegi Amaiurreko parlamentaria. Dozena erdi traktore atera dituzte manifestazioan, eta hainbat kartel ere eraman dituzte "elikagaiak ez dira merkantzia", "elikadura bai, espekulazioa ez" eta "burtsak ezin du gure etorkizuna erabaki" leloekin, besteak beste.
Etxalde Euskadiko baserritarren elkarteak pertsona guztiek elikadura osasuntsua izateko eskubidea dutela aldarrikatu du, eta "elikadura espekulaziorako merkantzia" bihurtu dutela salatu du, "sistemak nekazaritza industriala bultzatzen baitu". Hori dela eta, Etxaldek egoera aldatzea eskatu du, elikadura-subiranotasunera hurbiltzeko.
Arantxa Arrien baserritarrak azpimarratu egin du protesta ez duela "diru eta laguntza gehiago eskatzen duen baserritar kuadrilla batek egin", elkarte sozialak ere bertan izan baitira "elikadura kezka bihurtu dela" zabaltzeko eta hori politikoen ardura dela erakusteko.
"Badago beste aukerarik"
Halaber, gaur egun "inoiz baino jende gehiagok" gosea pairatzen duela salatu du, eta pozik agertu da gero eta gazte gehiagok lurra erreklamatzen dutelako. "Elikadura eskubidea da, ez merkantzia", azaldu du.
"Lehen sektorekoak hemen gaude elikadura subiranotasuna beste aukera bat dela defendatzeko, eta, gainera, aukera horrek lanpostu ugari sor ditzakeela esateko", gaineratu du.