Gizartea -

Etxe kanporatzeen drama

7 eta 11 urteko bi seme dituen sendi bat etxetik bota dute Galdakaon

Gizonezkoa ospitalera eraman behar izan dute, antsietate krisi batek jota. Ertzaintzak izapideak ireki ditu bertan bildutako bi lagunen kontra, agenteak iraintzea egotzita.

7 eta 11 urteko bi seme dituen sendi bat etxetik bota dute Galdakaon. Argazkia: EITB
7 eta 11 urteko bi seme dituen sendi bat etxetik bota dute Galdakaon.
Gizon bat ospitaleratu dute Galdakaon, etxea desjabetu ostean

01:41

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

7 eta 11 urteko bi seme dituen sendi bat etxetik bota dute gaur goizean Galdakaon. Gizonezkoa, gainera, ospitalera eraman behar izan dute, antsietate krisi batek jota.

Hogei bat pertsona bildu dira etxebizitzaren atarian, Jose Luis eta Lara bertako bizilagunak etxetik bota behar zituztelako protesta egiteko. Horren aurrean, polizia-lerro bat ireki behar izan du Ertzaintzak, ordezkari judizialak etxebizitzara sartu ahal izan zitezen.

Bertan bildutako bi pertsonari, gainera, izapideak ireki dizkie Ertzaintzak, agenteak iraintzea egotzita, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.Ezohiko kasua

Jose Luis eta Lara senar-emazteen kasua ezohikoa da eta hunkitu egin ditu herriko bizilagunak. Bi etxebizitza zituzten, garraio enpresa baten jabe ziren eta bizimodu erosoa izateko soldata zuten, baina dena galdu dute eta 600.000 euro zor dizkiote Kutxabanki.

Kaleratzeak Stop elkarteak protesta bat deitu zuen gaurko, etxe kaleratzea galarazten saiatzeko, baina ondoren bertan behera utzi zuen deialdia. Azkenean, dozenaka pertsona hurbildu dira, eta tentsio uneak izan dira Ertzaintzarekin.

Larak euren kasua azaldu du ETBko kameren aurrean, bankuak etxetik bota baino lehen: "Senarrak kamioi bat zuen, gora egiten hasi zen eta diru guztia berriz inbertitu zuen; zortzi kamioi izan zituen arte. Krisia heldu zenean, [negozioak] behera egin zuen, baina bi urteko kontua izango zela esaten zutenez, eta zortzi familiak kalean ez uzteko, gure etxebizitzak hipotekatu egin genituen. Azkenean ez genuen lortu [aurrera egitea], langileei kalte-ordainak eman genizkien, eta hipotekak ordaintzeko diru gabe geratu ginen".

Orain etxe gabe geratu dira, eta sendia banandu egin beharko da: "Semeak nire gurasoekin geratuko dira [Galdakaon], senarra haren gurasoekin joango da, Basaurin, eta ni egun batzuetan Galdakaon eta beste batzuetan Basaurin izango naiz".

Lararen esanetan, etsita daude: "Erokeria egitea pentsatu dut. Ulertu egiten dugu Granadako gizon horrek egin zuena [bere buruaz beste egin zuen, etxetik kanporatua izan baino lehen]. Nik 12 pilula hartzen ditut egunero, eta, inoiz, hartu behar nituenean, begira geratu naiz, eta denak hartuz gero lo geratzea eta dena horrela bukatzea desiatzen nuen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea