Gizartea -
Osasuna
Krisiagatik bruxismo kasuak ugaritu direla ohartarazi dute dentistek
Populazioaren % 20ri eragin diezaioke, nahi gabe haginekin presioa egitearen patologia horrek.
Erredakzioa
Bruxismoa duten lagunen kopurua hazi egin da krisi ekonomikoa hasi zenetik, Gipuzkoako Dentisten Elkargoak jakinarazi duenez. Bruxismoa nahi gabe haginekin presioa egitea da, eta gainera beste gaitz batzuekin harremana izan dezake, hala nola, buruko minekin, zerbikaletako minekin edota apnea kasuekin, Dentisten Elkargoaren iritziz.
Buruko gaitzak dituzten edota krisi ekonomikoa dela eta tentsio egoerak bizi dituzten pertsonek (langabezia edo ezegonkortasun laborala esaterako) bruxismoa izateko aukera gehiago dituzte, Tomas Gastaminza eta Txemi Errazkin Gipuzkoako Dentisten Elkargoko presidentearen eta presidenteordearen hitzetan.
Gaixotasun horren sintoma nabarmenenak ondorengoak dira: gastatutako eta puskatutako hortzak, masailezurreko mina, buruko minak, loaren galera, belarriko mina edota zerbikaletako mina. Halaber, gaixotasunaren diagnostikoa zaila da, normalean gauez gertatzen delako, eta gaixoak nahi gabe.
Herritarren artean bruxismoa garaiz antzematearen garrantzia azpimarratzeko, Gipuzkoako Dentisten Elkargoak hainbat ekintza antolatu ditu datorren asterako Donostian.