Gizartea -
Catalunya plazan
Epaile batek 27Mko kargaren auzia berriro zabaltzeko agindua eman du
Bartzelonako audientziak auzia artxibatzeko erabakia indargabetu du, erabakia hartu zuen epaileak zenbait froga atzera zergatik bota zituen azal dezan.
Erredakzioa
Catalunya Plazako suminduen kontrako kargagatik inputatu zituzten arduradun politikoen eta polizialen kontrako auzia berriro zabaltzeko agindua eman du Bartzelonako Audientziak. Horrez gain, instrukzioko epaileari kereilariek eskatutako testigantzak atzera zergaitik bota zituen azaltzeko ere agindu dio.
Epaiak arrazoiaren parte bat ematen die kereilariei, Bartzelonako instrukzioko 4. epaitegiak auzia argudiorik eman gabe artxibatu zuela esatean. Instrukzioko epaileak ez zituen onartu inspektoreorde baten eta Miguel Hermida Brigada Mugikorraren arduradunaren testigantzak.
Audientziaten arabera, kereilariek eskatutako testigantzak "instrukziorako erabat beharrezkoak dira", beraz, 27M plataformak aurkeztutako errekurtsoa onartzen du eta auziaren artxibatzea indargabetzen du, epaile instruktoreak bere erabakiaren azalpenak eman ditzan.
Argudio falta
Andres Berrio salatzaileen abokatuaren arabera, Auzitegiaren erabakiaren ondorioz, auzia berriro zabaldu behar dute epaileak testigantzak atzera botatzea zergatik erabaki duen azaltzeko. Hala ere, Auzitegiaren ustez froga horiek beharrezkoak badira, epaileak berriro atzera botatzeko zailtasun handiak izango dituela gaineratu du.
Akusazio partikularra protestaren egunean Catalunya plazan zeuden 50 suminduk osatzen dute. Inputatuen artean Manuel Prat Poliziako zuzendari nagusia, Assumpta Escarp Bartzelonako Herrizaingo zinegotzia eta Joan Carles Molinero, Bartzelonako Esquadrako Mossoen komisario nagusia daude, besteak beste.