Gizartea -

Iskanbila

'Prestige'ren antzeko petrolio-ontzi bat Bilboko uretan?

Bilbon 'Searacer' petrolio-ontzia ikusi zutela salatu dute Greenpeace taldeko aktibistek. Dirudienez, ‘Prestige’ ontziaz arduratu zen enpresa sailkatzaile bera arduratu da ontzi horretako lanez.

'Searacer' petrolio-ontzia Bilboko uretan. EFE
'Searacer' petrolio-ontzia Bilboko uretan.
'Searacer' petrolio-ontzia Bilboko uretan. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greenpeace taldeko aktibistek atzo Bilboko uretan 'Searacer' petrolio-ontzia ikusi zutela salatu dute. Dirudienez, ontziak Maltako komenentziako pabiloia du, Liberian erregistratuta dago, Bermudako aseguratzailea du eta enpresa sailkatzailea ABS da, ‘Prestige’z arduratu zen berbera.

Egoera horren aurrean, Europar Batasunean itsas garraioaren legedia aldatzeko prozesu baten buru izatea eskatu dio Mario Rodriguez Espainiako Greenpeaceko zuzendari kudeatzaileak Gobernuari, 2002an ‘Prestige’ petrolio-ontzia hondoratzeak eragin zuen hondamendiaren antzekoak ekiditeko.

Rodriguezek prentsaurreko bat eman du Coruñan, Sebastian Losada ‘Prestige’ren krisiaren garaian Greenpeaceko koordinatzailea izan zenarekin eta Manuel Rivas ‘Nunca Mais’eko aktibista eta idazlearekin batera. Azken horrek "gogaikarritzat" jo du hondamendiaren ustezko erantzuleen aurkako epaiketa (2012ko urriaren 16an hasi zen, Coruñan).

Greenpeace Espainiako zuzendari kudeatzaileak esan duenez, ‘Prestige’ren hondamendia gertatu eta hamar urtera "ez da marea beltzen aurkako apusturik" egin, eta taldeak egindako txosten batek hori erakusten duela nabarmendu du.

Horren harira, ‘Searacer’ petrolio-ontzia aurkitu zutela Bilbon esan du Rodriguezek. Dirudienez, ontziak Maltako komenentziako pabiloia du, Liberian erregistratuta dago, Bermudaseko aseguratzailea du eta enpresa sailkatzailea ABS da, 'Prestige’z arduratu zen berbera.

"Lehengo jokabide berberak dituzte oraindik, eta erantzukizunak mugatzea ezinezkoa egiten duten sareak onartzen dituzte", nabarmendu du Rodriguezek. Halaber, gutxienez, ‘Prestige’n ostean, "politikoek badakite beste hondamendi bat ez litzaiekeela doan irtengo", gaineratu du.

Greenpeaceko buruaren hitzetan, itsas segurtasunari dagokionez, "zortea alde" edukitzea da itxaropen bakarra, nabigatzeko askatasuna lehenesten delako ingurunea babestearen gainetik.

Beste edozein arduraren gainetik, kultura politikoa aldatu egin behar da, kutsaduraren aurkako borrokan protokolo "argi eta labur" batzuk ahalbidetzeko.

"’Prestige’ ontziaren krisian politikariek huts egin zuten, eta hori jakin egin behar dute", azpimarratu du Rodriguezek. Halaber, hondamendia izan zenetik hamar urte pasatu direnean kalteen inguruko ikerketa sakonik egin ez dutela adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea