Gizartea -

Epaiketa Gasteizen

9 urteko kartzela eskaera Eibarko alkate ohi batentzat, iruzurragatik

Mikel Larrañaga alkate ohiak eta beste bi lagunek 110.000 euro ordaintzeko ere eskatuko du Fiskaltzak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteazken honetan hasiko da Mikel Larrañaga Eibarko alkate jeltzale ohiaren kontrako epaiketa, Gasteizen. Fiskaltzak higiezinekin iruzurra egitea egotzi die Larrañagari eta beste bi laguni. Hori dela eta, 9 urteko kartzela zigorra, eta hiruren artean 110.000 euroko kalte-ordaina ematea eskatuko du.

Fiskalaren arabera, Mikel Larrañagak eta Alfonso Ruiz de Alegriak (Cartera Saraspe S.L. enpresako administratzailea), eurekin batera inputatuta dagoen Julian Ernesto Ochoarekin (Puentepiedra Servicios Inmobiliarios enpresako ordezkaria) batera, Cartera Saraspe S.L. enpresa eraikitzen ari omen zen etxebizitza batzuk salerosteko hiru kontratu aurkeztu zituzten 2006ko ekainean.

"Lanak hasi gabe zeudela zekiten arren eta bidegabe aberasteko asmoz", hiru etxebizitza erosi nahi zituzten bi erosleri aurretik dirua emateko eskatu zieten. Horietako bati 21.340 euro eskatu zizkioten eta besteari 55.919, bi erosi nahi zituelako.

Bi urte geroago, 2008ko maiatzean, hiru inputatuek etxebizitzak emateko epea uztailera atzeratzeko bi kontratu aurkeztu zizkieten bi erosleei. Halaber, kontratuak berritu eta 40 egunera, bermeak itzuliko zituztela hitzeman zuten, baina onuradunek ez zituzten epe horretan ez etxeak ezta bermeak jaso.

Cartera Saraspe enpresako bi administratzaileek Konkurtso Legera jo zuten 2009ko martxoan, Gasteizko epaitegi batek eskaera hori onartu egin zuen eta hartzekodun gisa izendatu zituen bi erosleak. Epailearen arabera, erosle batek 3.000 euro jaso behar zituen, eta besteak 43.268 euro.

Ekintza horiengatik, Fiskaltzak iruzurra eta delitu sozietarioa egotzi die hiru akusatuei. Gainera, hiruren artean etxebizitzen balizko erosleei 24.430 eta 61.919 euro ordaintzeko eskatuko du, aurretik berme gisa eman zutena ordaintzeko. Halaber, iruzurragatik 5.400 euro eta delitu sozietarioagatik beste 3.000 euro ordaintzeko eskatuko du Fiskaltzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea