Gizartea -
Gertakaria
Emakume bat seme-alabak hiltzen saiatu da, gasa erabilita, Almerian
Poliziak haurren ama atxilotu du, hilketa saiakera leporatuta. Haurrak Andaluziako Gobernuaren harrera etxe batera eraman dituzte, eta han egongo dira kasua argitu bitartean.
Erredakzioa
Ustez, 32 urteko emakume bat 2 eta 6 urteko seme-alabak hiltzen eta bere buruaz beste egiten saiatu da Almerian, butano gasa erabilita. Poliziak haurren ama atxilotu du, eta hilketa saiakera egotzi dio.
Poliziak jakinarazi duenez, emakumea Almeriako Torrecardenas Ospitaleko Psikiatria sailera eraman dute, eta haurrak Andaluziako Gobernuaren harrera etxe batera eraman dituzte, epaileak aitaren esku gelditzen diren ala ez erabakitzen duen arte.
Gertaera asteazken eguerdian jazo zen, Almeriako Pescaderia auzoan, La Voz de Almeria egunkariak dioenez.
Auzokide batek 112 telefonora deitu zuen emakumearen asmoen berri emateko, eta suhiltzaileak eta Udaltzaingoa etxera bertaratu ziren.
Ordurako, butano bonbonako goma hautsita eta balbula irekita zituen haurren amak, eta etxeko ate eta leiho guztiak itxita zeuden.
Polizia Nazionalak hainbat galdera egin zizkion emakumeari, eta attxilotu egin zuen. Oraingoz, Psikiatria unitatean ospitaleratuta dago.
Emakumearen bikotekideak eta lagun batek polizia nazionalen aurrean deklaratu dute, zer gertatu zen argitzen saiatzeko.