Gizartea -

Manifestazioa

Milaka lagunek haserrea eta elkartasuna adierazi dituzte Barakaldon

Amaia Egaña gogoratzeko manifestazioa egin dute 8.000 lagunek Barakaldoko kaleetan. Emakumeak (53 urtekoa) salto egin du 4. solairutik.

Milaka lagunek haserrea eta elkartasuna adierazi dute Barakaldon. EITB
Milaka lagunek haserrea eta elkartasuna adierazi dute Barakaldon. EITB
Milaka lagunek Barakaldoko tragedia gaitzetsi dute

01:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagunek haserrea eta elkartasuna adierazi dituzte ostiral honetan Barakaldon, etxegabetu behar zuten 53 urteko emakumezko batek bere buruaz beste egin ondoren. Amaia Egaña zuen izena, eta etxegabetzeen bidegabekeriak eragindako bigarren heriotza da.

Milaka pertsona, 8.000 antolatzaileen arabera, manifestatu dira "Langabeziarik ez. Etxegabetzerik ez. Babes soziala bai" lelopean, hipoteka ez ordaintzeagatik egindako etxegabetzeak geldiarazteko irtenbideak martxan jartzea eskatzeko, eta Barakaldoko kasua bezalako gertaerak ekiditeko.

Bi astean, bi pertsonak bere buruaz beste egin dute Estatuan, eta gutxienez beste bi saiatu egin dira, etxegabetzeen dramak konponbide politiko barik jarraitzen duen bitartean.

"HILTZAILEA" HITZA PINTADETAN

Protestak talde sozial askoek deitu dute, besteak beste, Stop Desahucios Bizkaiak, eta hainbat alderdi batu dira, buruzagi politikoak ikusi ez arren.

Barakaldoko kaleetan barrena, manifestatzaileek banku eta finantza erakunde guztiak pintatu dituzte "hiltzaile" hitza jarriz. Halaber, La Caixaren sukurtsal baten gainetik (Amaia Egañak honekin zuen zorra) pinturazko boteak jaurti dituzte.

Gainera, besteak beste, "Ez da suizidioa, giza-hilketa da", "Eurek dirua, geuk hildakoak", "Etxegabetzerik ez erantzunik gabe eta "Finantza-terrorismoa gelditu beharra dago", ohiukatu dute manifestatzaileek.

Etengabeko euri baten azpian, Justizia Jauregitik hasi dute martxa eta Udaletxera heldu dira, ondoren hasierako puntura itzultzeko. Amaiera Herriko Plazan egindako kontzentrazioan izan da.

LAUGARREN SOLAIRUTIK SALTO EGIN DU

Herrizaingo Sailetik azaldu dutenez, Barakaldoko emakumea aulki batera igo da, eta ondoren salto egin du laugarren solairutik. Tragedia 09:20an jazo da, Labe Garaiak etorbidean.

Osasun-langileak suspertzen saiatu dira, baina emakumea hil egin da 15 minuturen ostean. Gorpua Auzitegi Mendikuntzako Institutura eraman dute.

Tontxu Rodriguez Barakaldoko alkatea eta hainbat zinegotzi ezbeharra izan den lekura joan dira. Biktima zinegotzi sozialista izan zen Eibarren eta Jose Manuel Asensio zinegotzi sozialista ohiaren emaztea zen. Bikoteak 21 urteko seme bat dauka.

Amaiaren auzokideek atsekabea agertu dute, eta emakumezkoaren arazoaren berririk ez zutela esan dute.

"Hunkituta gaude, oso txarto. [Senar-emazteak] hezibide onekoak ziren. Ez genekien arazorik zutenik", esan du auzokide batek.

Juan Carlos Mediavilla Barakaldoko Epaitegiko epailea bertaratu da, gorpua eramatea agintzeko, eta ondoren adierazpenak egin ditu hedabideen aurrean.

Epaileak legea aldatzea eskatu die agintariei: "ezin gara egoera honetara iritsi". "Hausnarketa egin beharko genuke gertakari honen inguruan, eta, premiaz, [politikariek] legea aldatu egin beharko lukete, epaileek egoera hauei hobeto heltzeko".

KALERATZEAK STOP ELKARTERA DEITU ZUEN

Marta Uriarte Kaleratzeak Stop elkarteko burua lur jota agertu da Radio Euskadiko mikrofonoen aurrean, eta protestarekin bat egiteko deia egin die herritarrei.

Uriartek azaldu duenez, emakumezkoak laguntza eskatu zien atzo, baina ez zien esan gaur etxegabetu behar zutela: "Antza denez, laguntza eske deitu zigun atzo, baina ez zigun esan gaur etxegabetuko zutela. Bilerak egiten ditugun lekuan eskatu omen zuen laguntza, eta gaur asanbleara etortzekoa ei zen. Lur jota gaude".

ERREAKZIOAK

Barakaldoko suizidioaren berri izan eta gero, Espainiako Gobernuak premiazko bilera deitu du Presidentzia eta Ekonomia ministerioetako ordezkarien artean, sektore ahulenetan etxegabetzeak galarazten saiatzeko proposamen bat prestatzeko.

Euskadin, Eusko Jaurlaritzak etxegabetzeen aurkako "moratoriak" eskatu ditu, Espainiako Gorteek neurri berriak abiatu arte.

ZORTZI ETXEGABETZE EGUNERO EUSKADIN

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren azken datuen arabera, gutxienez zortzi pertsona etxegabetzen dituzte egunero Euskadin.

Krisi ekonomikoa hasi zenetik, hau da, 2008ko uztailetik, epaitegiek 247.188 etxegabetze agindu dituzte Estatuan, CGPJren datuen arabera. Dena dela, Hipoteken Kaltedunen Plataformaren arabera, zifra askoz handiagoa da: 400.000 baino gehiago.

Atzo, Juliane Kokott Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko abokatuak gogor salatu zuen etxegabetzeei buruz Espainiak duen legedia, kontsumitzailea babes gabe uzten baitu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea