Gizartea -

GIPUZKOAKO FISKALTZA

8 hilabeteko zigorra eskatu du, oinezko bati eraso zion gidariarentzat

Egun batzuk geroago, biktima mehatxatu ondoren, haren etxebizitzan agertu zen, eta, ustez, kolpe ugari eman zion sorbaldan, garondoan eta buruan; zauri larriak egin zizkion.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Fiskaltzak zortzi hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du oinezko bati eraso zion gidari batentzat. Ama eta ahizparekin zebra-bidetik igarotzen ari zenean autoa gelditu ez izana aurpegiratu zion biktimak.

Fiskaltzak jakitera eman duenez, gertakaria iazko abenduaren 8an jazo zen. Biktimak, ama eta ahizpa zebra bidetik igarotzen ari zirela, auto bat zetorrela ikusi zuten, eta korrika kendu behar izan ziren paretik. Gidariari autoa gelditu ez izana aurpegiratu zion biktimak.

Hau entzunda, gidariak autoa gelditu, eta liskarra hasi zen bien artean. Gidariak, ustez, aurpegian eraso zion, eta betaurrekoak lurrera bota zizkion. Liskarrean, biktimaren ahizpak ere ukabilkada bat jaso zuen. Azkenean, ustezko erasotzailea bertatik joan zen, biktima mehatxatzen.

Egun batzuk geroago (abenduaren 16a), ustezko erasotzailea biktimaren etxebizitzan agertu zen, eta berriz eraso zion; kolpe ugari eman zion, sorbaldan, garondoan eta buruan, eta zauri larriak egin zizkion. Lurrean zegoen bitartean, ostikada gehiago eman zizkion.

Fiskaltzak hainbat delitu egotzi dizkio ustezko erasotzaileari, baita 360 euroko isuna ezarri ere. Gainera, biktimak izandako ondorio eta zauriengatik, 5.000 euroko isuna izatea eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea