Gizartea -

Donostian

Gizon bat zigortu dute, Interneten bikotekide ohia iraintzea egotzita

Epaileak zortzi egunez lokalizatuta egotera eta kaltetuari 565 euroko kalte-ordaina ematera zigortu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako epaitegi batek gizon bat zigortu du haren bikotekide ohia iraintzea egotzita, Interneten eta Facebooken.

Epaiaren arabera, gizonak post bat idatzi zuen haren blogean 2010eko apirilaren 1ean, bikotekide ohiak alaba ikustea eragozten ziola esateko, eta haurra “bahituta” beste probintzia batera eraman zuela adierazteko.

Gizonak bikotekide ohiaren datu pertsonalak zabaldu zituen sarean: izen-abizenak eta helbidea. Halaber, “emazte txarra” izatea eta beste bikote batekin izandako bi haurrak babesik gabe uztea leporatu zion.

Urriaren 9an, bikotekide ohiaren gaineko irainak argitaratu zituen Facebookeko profilean. Blogean bestalde, beste post bat idatzi zuen “gizon eta emakumeen arteko berdintasuna eskatzeko epaitegietan”. Justiziaren aurrean gezurra esatea ere leporatu zion emakumeari.

Emakumearen datu pertsonalak lau haizeetara helarazi izana aitortu zuen gizonak epaiketan, eta haserre zegoelako egin zuela argudiatu zuen.

Kasuko epaileak zortzi egunez lokalizatuta egotera eta kaltetuari 565 euroko kalte-ordaina ematera zigortu du gizona.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea