Gizartea -
Lapurreta Gasteizen
Moja batek lapur bat nahasi eta bere atxiloketa eragin du Gasteizen
Gertaera gaur goizean izan da, Arabako hiriburuko Udaltzaingoak lapurraren antzeko ezaugarri fisikoak zituen hiriko hotel ezagun bateko bezero bat atxilotzera zuzendu denean.
Erredakzioa
Gasteizko Udaltzaingoak hiri horretako hotel bateko bezero bat atxilotu du, moja batek zaharren egoitza bateko lapurra identifikatzerakoan izandako akats baten ondorioz. Dena den, ordu batzuk geroago aske geratu da.
Gertaera gaur goizean izan da, Arabako hiriburuko Udaltzaingoak lapurraren antzeko ezaugarri fisikoak zituen hiriko hotel ezagun bateko bezero bat atxilotzera zuzendu denean, Udaleko iturriek azaldu dutenez.
Lapurreta joan den azaroaren 4ean gertatu zen, ‘Txiroen Anaiak’ izeneko zaharren egoitzan meza ospatzen ari ziren bitartean.
“Fitxategiak konpontzen”
Meza bitartean, mojetako batek hainbat mailukada entzun zituen Ama Nagusiaren bulegotik, eta kolpeak entzunten ziren gelara zuzendu zen. Bertan, buzoarekin eta betaurreko ilunekin jantzita zegoen 50 urte inguruko gizon altu bat aurkitu zuen, eta gizonak “fitxategiak konpontzen” ari zela azaldu zion.
Lapurretagatik abiatutako ikerketaren baitan, Gasteizko Udaltzaingoak Gasteizko hotel batean ostatu hartu duen ustezko lapurra atxilotzeko agindua eman du.
Atxilotua nafartar bat da
Dena den, eta hainbat azterketa egin ostean, atxilotutakoa errugabea zela ondorioztatu dute agenteek.
Atxilotua Gasteizera fisioterapia tratamendu bat jasotzera joaten den nafartar gizon bat dela adierazi dute iturriek.