Gizartea -
Protesta
Caixatik bota dituzte Barakaldon, etxegabetzeen kontra egiteagatik
Ehun pertsona Barakaldoko Justizia Jauregiaren aurrean bildu dira, "Eurek dirua, guk hildakoak", "Ez da krisia, iruzurra da" eta "Politikari ustelak, bankari hiltzaileak" leloak oihukatuz.
Erredakzioa
Ertzaintzak Barakaldoko Caixako bulego batean sartzea galarazi die etxegabetzeen kontra protestan ari ziren hainbat pertsonari. Protestariek Caixaren jarrera salatu dute, "Amaia Egañaren pisua salgai izan duten urtebetean 157 milioiko irabaziak izan baitituzte". Amaia Egañak bere buruaz beste egin zuen iragan ostiralean, etxetik bota behar zutenean.
Ehun pertsona inguru Barakaldoko Justizia Jauregiaren aurrean bildu dira, 10:30ean, Berri-Otxoak elkarteak, sindikatuek, eta bestelako eragile sozialek deituta. Elkarretaratzea "Langabeziari ez, etxegabetzeei ez. Babes sozialaren alde" lelopean egin dute.
Minutu batzuk eman dituzte Justizia Jauregiareb aurrean, "Eurek dirua, guk hildakoak", "Ez da krisia, iruzurra da" eta "Politikari ustelak, bankari hiltzaileak" leloak oihukatuz. Ondoren, Foruen Pasealekuko Caixako sukurtsalera joan eta barrura sartzen saiatu dira.
Dozena erdi manifestari bulegora sartzen saiatu direnean, Ertzaintzako agenteek kalera bota dituzte, eta ika-mikaren bat izan da.
Gertaeraren ostean, manifestariak sukurtsalaren aurrean geratu dira, protesta modura, barrukoek pertsiana jaitsi dutelako.
Etxegabetzeko 137 agindu
Ainhoa Irazabal Berri-Otxoak elkarteako bozeramailearen arabera, elkarretaratzea Barakaldoko Justizia Jauregiaren aurrean egin dute urteko lehen sei hilabeteetan "Barakaldoko familiak etxegabetzeko 137 agindu eta eskualde osoan 331 etxegabetze-ohar" eman dituztelako.
Halaber, "Caixak Amaia Egañaren pisua salgai izan duen urtebetean 157 milioiko irabaziak izan ditu, hori bai, 8.737 milioi etxegabetzeen prozesuetan erabili ostean".