Gizartea -
Biltzarra Bilbon
Topagunea, elkarteen eta erakundeen arteko elkarlanaren alde
Topaguneak euskararekin konpromisoa duen gizartearekin bat egingo duen mugimendua izan nahi du.
Erredakzioa
Euskararen normalizazioan Topaguneak aro berri bat ireki nahi du eta horretarako gizarte mugimenduaren eta erakunde publikoen arteko elkarlana sustatu nahi dute.
Euskararen aldeko mugimendua osatzen duten 96 elkartek azken hiru urteetan batzeko egindako prozesuari amaiera eman diote "Federaziotik Mugimendura" lelopean Bilboko euskalduna jauregian egin duten Biltzarrean.
Mikel Irizar Topaguneko presidentearen ustez, euskararen aldeko 30 urteko gizarte mugimenduaren aroa amaitu da. Halaber, krisi ekonomikoarekin proiektu askoren jarraipena "arriskuan" jarri dela ekarri du gogora, horregatik, "aro berri bat hasteko" beharra azpimarratu du.
Aro berri honen eskeletoa "adostutako planifikazio sendoa izango da; giharrak gizartean eta erakunde publikoetan sustraitutako gizarte mugimendu berriak izango dira; eta bihotza euskal hiztunek osatuko dute", adierazi du.
Azken hiru urteetan eginiko bidearen ostean, aro berria hasteko gogotsu azaldu da Irizar eta herritarrei, gizarte eragileei eta erakundeei oinarriak ezartzeko batera lan egiteko deia luzatu die.