Gizartea -
Manifestazioa
Etxegabetzeen aurkako protestak jendetza bildu du Bilbon
Manifestazioaren buruan "Etxegabetzerik ez, murrizketa sozialik ez" zioen pankarta eraman dute. Protesta ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, CGT eta CNT sindikatuek deitu dute, besteak beste.
Erredakzioa
Milaka pertsona bildu dira Bilbon etxegabetzeen aurka protesta egiteko eta etxebizitza duina izateko eskubidea aldarrikatzeko. Manifestazioak hainbat sindikatuk eta erakunde sozialek deitu dute.
Protesta 17:30ean hasi eta Bilboko hirigunetik ibili da, "Etxegabetzerik ez, murrizketarik ez" lelopean. Protesta ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, CGT eta CNT sindikatuek eta 50 elkarte sozial inguruk deitu dute.
UGTk eta CCOOk ere manifestazioaren alde egin dute "Euskal Goi-bilera Soziala" delakoaren bitartez. Plataforma horren kide dira, UGT eta CCOO sindikatuez gain, Demokraziarako Epaileak eta Fiskalen Batasun Aurrerakoia elkarteak, besteak beste. Sendia elkarteak ere protestan parte hartu du.
Manifestazioan hainbat persona ezagun izan dira: Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia, Damaso Casado UGTkoa, Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kidea, EAko Unai Ziarreta eta Alternatibako Oskar Matute.
Bankuen kontra
Manifestazioa Bilboko udaletxean amaitu da, eta antolatzaileek adierazpen bat irakurri dute bertan, euskaraz eta gaztelaniaz.
Adierazpen horretan, botere publikoen, eraikitzaileen eta bankuen kontra egin dute, "etxebizitzekin negozioa egiteagatik", eta eskubidea dena espekulaziorako erabiltzeagatik.
"Etxebizitzarena sektore publikoak bermatutako eskubidea behar zuen, eta hori babestu beharrean, bankuei eta aurrezki kutxei eskubide horrekin jokatzen utzi diete", salatu dute.
Etxebizitza izateko eskubidea
Halaber, etxebizitzan murrizketa politika egitea eta alokairu publikoa eta hutsik dauden etxebizitzak berriro ez erabiltzea leporatu diete erakundeei.
Ondorioz, pertsona guztiek etxebizitza izateko eskubidea aintzatestea exijitu dute.