Gizartea -
Heriotza
Emilio Aragon 'Miliki' hil da, 'telebistako pailazo'etako bat
Gaby eta Fofo pailazoekin "Había una vez un circo" telebista-saio arrakastatsua egin zuen. Hil kapera eguerdian jarri dute Madrilgo La Paz beilatokian.
Erredakzioa
Emilio Aragon 'Miliki', 'telebistako pailazo'etako bat, larunbat honetan hil da, 83 urte zituela, Globomedia produkzio-etxeak jakitera eman duenez.
Emilio Aragon Globomediako sortzaileenetakoaren aita da 'Miliki'. Tradizio handiko pailazo-familia baten kide zen, eta Gaby eta Fofo pailazoekin "Había una vez un circo" telebista-saio arrakastatsuan parte hartu zuen.
'Miliki' gau aldera hil da Madrilgo Ruber Internacional ospitalean, familia aldamenean zuela. Hil-kapera 12:00etan Madrilgo La Paz beilatokian jarriko dute.
'Senar eta aita zoragarria'
Ohar baten bidez familiak adierazi duenez, "oso triste" dago 'Miliki'ren heriotzagatik baina "senar eta aita zorragarri bat" galdu duela nabarmendu du. Halaber, senitartekoek azpimarratu dutenez, "bere ikuskizunari esker barre egin zuten ume anitzen maitasunaz inguratuta hil da".
Azken lana Emilio Aragon semeak zuzendutako "Pájaros de papel" filma izan zen, 2010ean. Gainera, Polizia nazitik ihes egin zuten artista batzuen gorabeheretan oinarrituta, "Mientras duermen los murciélagos" obra argitaratu zuen maiatzean.
Sevillan jaioa
'Miliki' Carmonan jaio zen 1929an, Sevillan. Ameriketatik anaiekin hainbat ikuskizun eta komunikabideetan lan egiten aritu zen. Bere ibilbide profesionaleko arrakastarik handiena TVEko "Había una vez un circo" saioan lortu zuen 1973tik 1977ra. 1986ean Rita Irasema alabarekin telebistara itzuli zen eta "Un fantasma en la sopera" komedia musikalean parte hartu zuen.
Hil kapera
Emilio Aragonen hil kapera La Paz (Tres Cantos) beilatokian jarri dute eguerdian eta dagoeneko aktore eta komedia-antzezleak joan dira, besteak beste Fernando Chinarro, Juan Imedio eta Florentino Fernandez.
22:00 bitarte zabalik egongo da eta hileta elizkizuna astelehen goizean egingo dute.