Gizartea -
Genero indarkeria
Guraizeekin hiltzeko mehatxua egin dio bikotekide ohiari, Gasteizen
Ustezko erasotzaileak emakumearen alabari ere eraso egin dio, adingabea ama babesten saiatu denean. Ertzaintzak ustezko erasotzailea atxilotu du.
Erredakzioa
26 urteko gizonezko batek sukaldeko guraizeekin hiltzeko mehatxua egin dio bikotekide ohiari Gasteizen, eta emakumearen alabari ere eraso egin dio, adingabea ama babesten saiatu denean. Ertzaintzak ustezko erasotzailea atxilotu du, eta genero indarkeria delitua egotzi dio.
Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, gertaera goizaldeko 02:00etan jazo da Babesgabetuen auzoko (Gasteiz) etxebizitza batean. Salaketan irakur daitekeenez, ustezko erasotzailea emakumearen etxera joan da; duela gutxi eten zuten bikote harremana, eta eztabaidan hasi dira. Orduan, gizonak sukaldeko guraizeak hartu eta hiltzeko mehatxua egin dio bikotekide ohiari.
Erasotzailearekin borroka egin ostean, emakumeak gizonari guraizeak kentzea lortu du. Emakumearen alaba jaiki egin da eta ama babesten saiatu da, eta gizonak ostikada bat eman dio orduan.
Ertzainak gertaera jazo den lekura joan dira, eta ustezko erasotzailea aurkitu dute bertan. 26 urteko ustezko erasotzailea atxilotu du Ertzaintzak, eta genero indarkeria delitua egotzi dio. Bestalde, emakumea Txagorritxuko ospitalera eraman dute.