Gizartea -
Genero indarkeria
Fotoeleberri batek emakume etorkinen kontrako sexu-erasoak salatu ditu
Eusko Jaurlaritzako proiektuak etxeko langile gisa aritzen diren emakume etorkinengan jarri du arreta batez ere, atzerriko emakume askok sektore horretan lan egiten dutelako.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak fotoeleberri bat prestatu du etxeko langile gisa aritzen diren emakume etorkinek jasaten dituzten sexu-erasoak salatzeko. Proiektuaren helburua kolektibo horren hauskortasuna murriztea, eta biktimei biolentziarik gabeko bizitza bat izateko eskubidea dutela sinetsaraztea da.
Jaurlaritzaren hitzetan, fotoeleberriak helburua lortzeko aukera bikaina eskaintzen du; izan ere, irudiaren indarra erabiltzen du eguneroko sexu-erasoak islatzeko, eta horiei aurre egiteko emakumeek dituzten baliabideak azaltzen dira bertan.
Eusko Jaurlaritzaren proiektuak etxeko langile gisa aritzen diren emakume etorkinengan jarri du arreta batez ere, atzerriko emakume askok sektore horretan lan egiten dutelako.
Eusko Jaurlaritzak ohar bidez jakinarazi duenez, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak sexu-erasoen gainean egindako ikerketa baten ostean sortu da proiektua. Azterketa egin ondoren, ikertzaileek emakume etorkinen kontrako erasoak ikusaraztea beharrezkoa zela ondorioztatu zuten, eraso horiek gizartearentzat lotsagarriak direlako, eta, isilduz gero, betikotu egiten direlako.