Gizartea -

Bergaran

Poliziari deitzea ekiditeko alaba jotzeagatik gizon bat kondenatu dute

Zortzi hilabeteko espetxe-zigorra ezarri diote, eta emazteari 100 euroko kalte-ordaina eman beharko dio.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako epaitegi batek zortzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio gizonezko bati alaba jotzeagatik. Adingabeko neskatoa Poliziari deitzen saiatu zen gurasoen arteko "liskar larri" baten ondorioz.

Auziaren epaiaren arabera, 2011ko azaroaren 4an gertatu zen erasoa Bergarako (Gipuzkoa) etxe batean. Bikoteak liskar "handi" bat izan zuen eta "egoeraren larritasuna zela eta" 14 urteko neskatoak etxeko telefonotik Poliziari deitzea erabaki zuen.

Orduan, akusatuak telefonoa "indarrez kendu" eta " ile-xerlo bat erauzi zion". "Ondoren, gaztea Poliziari mugikorretik deitzen saiatu zen, baina aitak telefonoa kendu eta sorbaldan kolpe bat eman zion eta paretaren aurka bultzatu zuen"

Epaiaren arabera, erasoaren ondorioz gazteak zauriak izan zituen ezkerreko eskapula-erregioan eta "ilea ere kendu zion", nahiz eta egun arrastorik ez duen.

Erasoa gertatu zenean, gizonezkoak "buruko nahasmendua zuen eta ez zuen sendagairik hartzen". Hori dela eta, zortzi hilabeteko espetxe-zigorra ezarri diote, genero-indarkeriaren delitua egotzita. Erasoa etxean gertatzeagatik zigorra areagotu egin dio epaileak, baina nahasmendua aringarritzat hartu du kontuan.

Halaber, gizonezkoa ezingo da alabarengandik eta etxetik 200 metro baino gutxiagora hurbildu, eta emazteari 100 euroko kalte-ordaina eman beharko dio, adingabekoaren legezko ordezkaria delako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea