Gizartea -
OSASUN PUBLIKOA
Nikotina aztarnak, Espainian ontziratutako ur mineraletan
Ikerketa askok erakutsi dutenez, ura arazteko egiten diren tratamenduen aurrean erresistentzia handia du, tratamendu horietan osagai “garrantzitsuagoak” ezabatzen saiatzen baitira.
Erredakzioa
Juan Carlos Erregea Unibertsitateko ikertzaileek nikotina arrastoak aurkitu dituzte Espainian botilaratzen den ur mineraletan. Hamar marka aztertu dituzte, baina ez dute beraien izena argitaratu nahi izan.
Hamar marketako bostek litroko 7 eta 15 nanogramo (ng/L) nikotina zituzten. Botilak Madrilgo eta Toledoko supermerkatu arruntetan erosi, eta 24 ordu igaro baino lehen eraman zituzten laborategira.
Osasun publikoarentzat arriskutsua izan liteke ur mineral kutsatua edatea, ikertzaileen arabera. “Nikotina kopuru hori oso txikia da horren ondorioak ura kontsumitu eta berehala nabaritzeko, baina ez dago esaterik kontsumo horrek ez diela inolako ondorio kaltegarririk eragingo kontsumitzaile ahulenei (haurrak, haurdun dauden emakumeak, etab.), ez baita oraindik horrelako azterketarik egin, baina egin beharko lirateke, gure ustez, horien benetako arriskua ezagutzeko”, ikertzaileetako baten esanetan.
Halaber, “ur-geruzak kutsatzeko arriskua ere badago, eta, Lurraren berotzea eta Iberiar penintsulan gero eta prezipitazio gutxiago izatea kontuan hartuta, horiek dira ur edangarria lortzeko baliabide natural inportanteenetakoak”, horien esanetan.
Ikertzaile talde horrek eta munduko beste hainbatek egindako ikerketek erakutsi dutenez, nikotinak erresistentzia handia du ura arazteko egiten diren tratamenduen aurrean.