Gizartea -
Frantzia
'Le Monde' egunkariko zuzendaria hil da, bihotzekoak jota
Eric Izraelewicz ondoezik sentitu zen atzo arratsaldean, eta ospitalera eraman zuten. Ordu batzuk geroago, ospitalean bertan hil zen.
Erredakzioa
Le Monde Frantziako egunkariko zuzendaria hil zen atzo, bihotzekoak jota, Parisen, egunkariak berak jakinarazi duenez.
Eric Izraelewicz (58 urte) kazetaria ondoezik sentitu zen, erredakzioan lanean zegoela, eta ospitalera eraman zuten. Ordu batzuk geroago hil zen, ospitalean bertan.
Kazetaritzan eta Merkataritzako Goi Eskolan diplomatua zen, eta bere ibilbide profesionalaren zatirik handiena kazetaritza ekonomikoari eskaini zion. Hala, Les Echos eta La Tribune, Frantziako finantza egunkari garrantzitsuetako zuzendari izan zen.
2011. urteko otsailaz geroztik, Le Monde egunkariko zuzendaria zen. Eric Fottorino kazetariaren kargua hartu zuen frantziarrak, hain justu, egunkaria Pierre Berge, Matthieu Pigasse eta Xavier Niel jabeen esku gelditu zenean.