Gizartea -
Polemika
Lau mosso bigarrenez indultatzea aurpegiratu diote epaileek Gobernuari
Mossoek kartzela-zigorra bete behar zuten tortura delituengatik. Otsailean lehen indultua eman zieten, baina Bartzelonako Auzitegiak ez zien kartzela-zigorra kendu nahi izan.
Erredakzioa
Espainiako 200 epailek Esquadrako lau mossori bigarrenez indultua ematea aurpegiratu diote Gobernuari. Mossoek kartzela-zigorra bete behar zuten errumaniar baten kontrako tortura delituengatik. Epaileen iritziz, bigarren indultua "iruzurra" eta "abusua" da, eta "Botere Judizialari irain egiten dio".
Bigarren indultua ministroen azken Kontseiluan eman zieten. Lehenengoa, partziala, otsailean izan zen, eta erabaki haren arabera, epaileek erabakitako zigor ezberdinen ordez, bi urteko kartzela-zigorra ezarri zieten.
Lehen indultuaren ostean, Bartzelonako Auzitegiak ez zuen zigorra kendu nahi izan, eta, ondorioz, lau mossoek kartzelan sartu behar zuten. Ondoren, beste indultu bat eskatu zioten Gobernuari kartzelara joatea saihesteko, eta Gobernuak eman egin zien iragan ostiralean, bi urteko kartzela-zigorra isun batekin ordezkatuta.
Adierazpena sinatu duten 200 epaileen artean, Margarita Robles Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko bozeramailea eta Joaquin Gimenez Garcia Auzitegi Goreneko magistratua daude. Sinatzaileen iritziz, "egoera ikusita indultua ematea indultuaren legearen erabilera zakarra eta bihurria egitea da.
"Botere Exekutiboaren gehiegikeria"
"Indultua iruzur gisa. Independentzia judizialaren eta duintasunaren alde" izeneko adierazpenean, epaileek Bartzelonako Auzitegiaren alde egiten dute "Zigor Kodea zorrotz aplikatzeagatik" eta lehen indultuaren ostean bete behar zuten zigorra betetzea erabaki zuelako.
Hori dela eta, bigarren indultua "Botere Exekutiboaren gehiegikeria" dela adierazi dute, "indultuaren betebeharra zikintzen duelako eta Botere Judizialari irain egiten diolako".