Gizartea -
Irudien hedapena
Deustuko ikasleek kontzentrazioa egin dute, kaltedunei babesa emateko
Unibertsitateko campusean elkartu dira ikasleak atseden garaian. Bestalde, zuzendaritzak 'elkartasuna' helarazi die biktimei, eta 'eskubideen urraketa' salatu du.
Erredakzioa
Deustuko Unibertsitateko ikasleek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Bilboko campusean, euren elkartasuna adierazteko argazki eta bideo erotikoen hedapenean nahastuta izan diren ikasleei.
Atzo gertaturikoaren ondotik etorri da ikasleen erreakzioa; izan ere, hainbat pertsonak Deustuko Unibertsitateko ikasleenak omen ziren argazki eta bideo erotikoak zabaldu zituzten atzo.
Unibertsitateko zuzendaritzak jakinarazi duenez, elkarretaratzea egiteko deialdia sare sozialen bitartez zabaldu da. Mezu horren ondorioz, ikasle andana elkartu da atseden garaian egin duten protesta ekitaldian.
Kontzentrazioaren amaieran, hainbat ikaslek kazetarien aurrean hitz egin dute. Horien esanetan, ez dituzte biktimak ezagutzen, baina, eurei antzeko zerbait gertatuz gero, ikaskideen babesa izatea gustatuko litzaiekeela azpimarratu dute, eta horregatik parte hartu dutela ekitaldian. Beste ikasle batek sare sozialen arriskuez ohartarazi du. Kontuak kontu, ikasleek ez dute uste informazio lapurreta unibertsitateko wifi sarearen bitartez gertatu denik.
Deustuko Unibertsitatearen bertsioaDeustuko Unibertsitateko zuzendaritzak “elkartasuna” helarazi die biktimei, eta “eskubide urraketa” gertatu dela salatu du.
Ezezagunek bertako wifi sarearen kontrola hartu izana ukatu eta gero, hainbat ikaslek Ertzaintzaren aurrean salaketak jarri dituztela eta gertaturikoa ikertzen ari direla gaineratu du zuzendaritzak.