Gizartea -
Ospitalean zegoen
Hil egin da Madril Arenako bosgarren biktima
20 urteko neska azaroaren 1ean Madril Arenan egin zuten Halloween festako jende pilaketan zauritu zen, eta ospitalean zegoen ordutik. Dolu eguna deitu dute ostiral honetan Madrilen.
Erredakzioa
Madrid Arenako tragedian zauritu zen Maria Teresa Alonso 20 urteko neska hil egin da ostegun honetan, Madrilgo Fundacion Jimenez Diaz ospitalean, bertako iturriek jakitera eman dutenez.Azaroaren 1eko Halloween festako jende pilaketaren ondorioz ''garuneko lesio larriak'' zituen, eta horiek eragin diote heriotza. Gau hartatik Madrilgo ospital horretako Zainketa Intentsiboetako Unitatean zegoen, koman.Madril Arenako tragediak utzi duen bosgarren hildakoa da Alonso.
Dolu eguna deitu dute Madrilen
Teresa Alonso gaztearen heriotza dela-eta, ostiral honetarako dolu eguna deitu du Madrilgo Udalak. Halaber, bertan behera utzi dute Madril Arenan gertatutakoa ikertzeko martxan jarri duten batzordea. Lantalde horretako presidenteak eman du erabakiaren berri, bertako kideek minutu bateko isilunea egin ondoren.
Botella: 'Neurri guztiak hartuko ditut'
Ana Botella Madrilgo alkateak Madril Arenakoa moduko tragediarik berriz gerta ez dadin bere esku dauden ''neurri guztiak'' martxan jarriko dituela esan du ohar batean. Maria Teresa Alonsoren familiako kideei dolumina adierazi die testu horretan, eta biktimei egin dakiekeen omenaldirik onena ''egia agerian uztea'' dela gaineratu du.Jende gehiegi
Madril Arenan aurkitutako zortzi kutxetan zeuden sarrerak zenbatzen bukatuta, guztira 16.791 sarrera aurkitu dituzte bertan, eta Halloween festak, gehienez, 10.600 pertsona har zitzakeen; beraz, barnarmen gainditu zuten aforoa.
Samurrek eta suhiltzaileek ez zuten jaiaren berri
Alfonso del Alamo Madrilgo Udaleko Larrialdi eta Babes Zibileko zuzendari nagusiak Madril Arenako gertakarien inguruko Ikerketa Batzordean jakitera eman duenez, inork ez zien jaia ospatuko zela adierazi Samurri eta suhiltzaileei.