Gizartea -

Abenduak 3

Euskararen Nazioarteko Egunean, euskara protagonista nonahi

Euskararen erabilera areagotzea da xedea, erabileran baitago giltzarria. Horrela, 1949.urtean Lapurdin, Nafarroa Beheran eta Zuberoan egindakoari jarraipena emango diote gaur.

Kontseiluak Euskararen alde igandean egin zuen manifestazioa. EFE
Kontseiluak Euskararen alde igandean egin zuen manifestazioa. EFE
Kontseiluak Euskararen alde igandean egin zuen manifestazioa. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Eguna 1995ean instituzionalizatu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak. Harrezkero, euskararen erabilera eta euskara bera sustatzeko asmoz, hainbat elkartek, erakunde publikok eta herritarrek milaka ekitaldi antolatu dituzte (mahai-inguruak, erakusketak, tailerrak, azokak, mota desberdinetako ikuskizunak, aurkezpenak…), Euskal Herriko bazter guztietan, euskara bultzatu eta omentzeko. Horrela, 1949.urtean Lapurdin, Nafarroa Beheran eta Zuberoan egindakoari jarraipena emango diote gaur.

Gasteizen euskara sustatzen lagundu duten gasteiztarrei Lazarraga sariak banatu dituzte, Gasteizko Bibat Museoan. Arabako Foru Aldundiak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak Abel Enbeita bertsolaria, Cuadrabus garraio enpresa, Gometegui bulego teknikoa, Assa ikastola eta Villa Lucia ardandegia saritu dituzte. Arabako hiriburuan abenduak 5a bitartean Euskararen inguruko ekitaldiak egingo dira.

Bilbon, abenduaren 3an harrera ekitaldia egingo da Arriaga Antzokian, eta Bizkaiko herrietan ere izango dira jarduera bereziak.

Donostian Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Gaztezulo aldizkariak "Ika-Mizka" mahainguruak antolatu dituzte, gazteak euskarari buruz solas daitezen. Eusko Jaurlaritzak eta Etxepare Euskal Institutuak "Surfeatu euskararenolatua mundu osoan" kanpaina aurkeztu dute, Surfilm Festibal zinemaldiarekin batera. Besteak beste, surflarien telebista independiente garrantzitsuenak, Korduraoy.tv-k, euskarari buruzko azalpenak emango ditu eta Zyrus Sutton zinegile ezagunak hiru film labur grabatuko ditu surfa eta euskarari buruz. Gainera, Mintzalaguna ekimenari jarraipena emanez, Mintzanet tresna aurkeztu dute Donostiako Udalak eta Mara Mara hizkuntza zerbitzuak.

Ipar Euskal Herrian, Frantziako Gobernuak hizkuntza gutxituen aurrean har ditzakeen neurriei begira ospatuko dute Euskararen Eguna, Europako hizkuntza murriztuen gutuna berresten duen ala ez alegia. Euskararen erakunde publikoak onartu du lan handia dagoela egiteko hizkuntzari dagokionez eta, bereziki, erabilpena sustatzeko.

Kirmen Uribe Bordelen

Astelehenean, Euskararen Egunean bertan, Bordelen hainbat ekitaldi antolatu dituzte Bordeleko Euskal Etxeak, Jaurlaritzako Kultura sailak eta Cervantes Institutuak lagunduta. Hasteko, arratsaldeko seietan Kirmen Uribe idazleak, Espainako literatura sari nazionala (2009) lortu zuen Bilbao- New York – Bilbao eleberria aurkeztuko du Cervantes Institutuaren egoitzan. 2012an frantses argitaratu zuen liburua Gallimard-ek.

Ondoren, zazpi eta erdietan, Kimuak programako hainbat laburmetrai izango dira ikusgai Euskal Etxean. Emanaldiaren ondoren partehartzaileek euskal mahai baten inguruan edateko eta jateko aukera izango dute.

Boisen euskaraz kantari

Amaitzeko, Boisen abenduaren 3an hiriko euskara ikastaroetako ikasle eta irakasleek elgarretaratzea egingo dute, Euskeraren Eguna batera ospatzeko eta euskara praktikatzeko. Klase dibertigarri batekin hasiko dute gaua eta ondoren Leku Ona jatetxean pintxo jana egingo dute eta klasean ikasitako kantuak abestuko dituzte.

Ekimen instituzionalak

2010ean, Legebiltzarrean, adierazpen instituzionala onartu zuten: "Euskara euskal gizartearen ondarea da, haren historiaren eta kulturaren osagarri ezinbestekoa. Baina, munduko gainerako hizkuntza guztiak bezala, eleaniztasuna ezaugarritzat duen gizadi osoaren ondare ere bada. Hizkuntzen dibertsitatea babestu nahi bada, beharrezkoa da euskara zaindu eta sustatzea".

Eusko Legebiltzarrak ekitaldi berezia egin du aurten 30 urte bete dituen Euskararen Legea, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea, hizpide izanez. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak Euskararen Aurpegiak deitzen den kanpaina jarri du abian.

Kanpaina azaroaren 24an hasi da eta abenduaren 3an bukatu, eta, horrela, bi datak uztartu dira. Kanpainaren bidez euskarak dituen aurpegi anitzen berri eman nahi da: gazteak eta ez hain gazteak, gizon eta emakumeak, bertoko jendea eta atzerritik etorritakoa... Kanpainarako egin den bideoko abestiak dioen bezala, "euskarak milaka aurpegi ditu".

Urgellek euskaldun berrien ekarpena goraipatu du

Blanca Urgell jarduneko Kultura sailburuak euskaldun berrien ekarpena eta euskararen presentzia areagotzeko gizarteak eginiko lana goraipatu du.

Azken urteetan eleaniztasunean lortutako aurrerapausoak baloratu ditu sailburuak, baina orandiik "euskararen erabilera eta etorkizuna bermatzeko bide luzea" dagoela azpimarratu du. Bide hori "akordiotik" egin behar dela azpimarratu du.

"Gizarteak euskara hedatzeko egin duen ahalegina" nabarmendu du eta "etxetik kanpo euskara ikasi dutenen esfortzua" egin dutenei "omenaldia" egiteko beharrezkoa dela uste du.

Ikerketa proiektua

EITBk eta EHUk "Kalkoen Behatokia" proiektua aurkeztu dute. Ekimenaren helburua euskararen kalkoak aztertzea da. Proiektua EHUKo ikertzaileek egin dute EITBk emandako irratiko, telebistako eta Interneteko hainbat testurekin.

Zalantzak begiratzeko aplikazioa UPVren webgunean dago.

Nafarroaren eguna

Gainera, Nafarroaren eguna da gaur. Xabierreko gazteluko mezak abiaraziko ditu Nafarroaren eguneko ekitaldi ofizialak. Eguerdian, Iruñean, aurten 25 urte bete dituen Nafarroako Unibertsitate Publikoari urrezko domina emago dio Yolanda Barcina presidenteak. Ekitaldi ofizialetik kanpo, Nafarren biltzarra ospatuko da Iruñean, Orreaga fundazioak antolatuta.

Historia

Euskararen Egunaren aldeko lehen aldarrikapenak antzinatik datoz: Errepublika garaian Eusko Ikaskuntzak, Euskaltzaleak Bazkunak bitarte, antolatutako antzerki eta olerki zein bertsolari egunak… 1949an sortu zuen Eusko Ikaskuntzak lehenengo Euskararen Eguna.

Gaur egun, orain dela 20 urte baino 181.000 elebidun gehiago dago EAEn, baina euskararen ezagutza eta erabilera ez dira neurri berean hazi. Biztanleen %20k euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen du, eta beste %8,9k euskara erabiltzen du, baina erdara baino gutxiago. Beraz, euskararen erabilera areagotzea da xedea, erabileran baitago etorkizunaren giltzarria.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea