Gizartea -
Berrikuntza osasungintzan
Donostiako Quiron ospitaleak espermaren kalitatea hobetzea lortu du
Teknika berritzailea aplikatuz, haurdun gelditzeko aukerak areagotu, enbrioien kalitatea hobetu eta umea galtzeko arriskua murriztu du.
Donostiako Quiron ospitaleak espermaren kalitatea hobetzea lortu du, teknika berritzaile bat erabilita.
Teknika horri esker hainbat helburu lortu dituzte: haurdun gelditzeko aukerak areagotzea, enbrioien kalitatea hobetzea eta umea galtzeko arriskua murriztea. Dagoeneko, bi bikotek baliatu dituzte teknika horren onurak.
Quiron ospitaleak ohar bidez jakinarazi duenez, bereziki hauentzat da teknika egokia: birritan abortatu dutenak, laguntza bidezko ugalketa teknikekin emaitza onik lortu ez dutenak, eta espermatozoide-injekzio intrazitoplasmatiko (ICSI) teknikarekin ernalketa tasa oso baxua lortu dutenak.
Quiron ospitalearen arabera, teknika berritzaile horren bidez zelulak bereizten dituzte. Halaber, lehendik ere medikuntzan erabili izan dute metodo hori beste hainbat diziplinatan.
Teknika horri esker, espermatozoideak eta hautsitako DNA “harrapatzen” dituzte. Emaitza kalitate handiko esperma bat da. Esperma hori hartuta, laguntza bidezko ugalketa tratamendua egiten da, oro har, espermatozoide-injekzio intrazitoplasmatikoaren (ICSI) teknika erabilita. Kasu horretan, espermatozoidea obuluaren barruan sartzen dute laborategian, xiringa fin bat erabilita.