Gizartea -
Lanbide Heziketa
PIREMOBV, ikasle- eta irakasle-mugikortasuna Pirinioen bi aldeetara
Hezkuntza Sailak LHko mugikortasun-proiektua aurkeztu du. Mikel Usabiaga Europar Proiektuetarako teknikariarekin egon gara ekimen hau ezagutzeko.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak PIRINIOAK MUGIKORTASUNA - PIREMOBV proiektua aurkeztu du astearte honetan, abenduaren 4an, Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaia Aretoan. Mikel Usabiagak, Hezkuntza Saileko Europar Proiektuetarako teknikariak, ekimen honen xehetasunak azaldu dizkigu.
Lehendabizi, ezagutzen ez dutenentzat, zertan datza PIRINIOAK MUGIKORTASUNA – PIREMOBV proiektua? Zein da bere helburu nagusia?
LHko ikasleek zein irakasleek Pirinioak gurutzatzea da proiektuaren helburua. Pirinioetako bi aldeetako Lanbide Heziketa sistemak euren artean kontaktuan jartzea eta urteak aurrera egin ahala, gutxika-gutxika, sintonia bat hartzen joatea da ideia. Pirinioetako Lanbide Heziketa sistema bat dagoela esatea eta bi aldeetako ikasleek eskualde ezberdinetan praktikak egin ahal izatea dugu xede.
Ezberdintasunik al dago aurreko proiektuekin alderatuz?
Hirugarren PIREMOVB honek –bakoitzak hiru urteko iraupen bat du– Pirinio guztia hartzen du, 4 soziotatik 7 soziotara igaro delako: Katalunia, Aragoi, Midi-Pyrénées, Aquitaine, Euskadi, Nafarroa eta Languedoc-Roussillon. Bestalde, aurreko proiektuetan irakasgaiak edo curriculumak berdintzeko egin zen lan, besteak beste, eta mugikortasuna txikiagoa zen. Kontraz, orain ikasle eta irakasleen mugikortasuna sustatzen ari da batez ere.
Zeintzuk dira LHko ikasleek eta irakasleek bete beharreko baldintzak parte hartu ahal izateko?
Batez ere, euren zentroa PIREMOBV proiektu batean sartu behar da, eskualde frantseseko beste zentro batekin harremanetan jarri eta akordio batera heldu. Halaber, ikasleei dagokienez, irakasgai-kopuru bat gaindituta eta eskatutako atzerritar hizkuntza-maila izan behar dute. Jarrera ere ezin dugu ahaztu, ikasleak erakusten duen interesa ere kontuan hartzen da. Esperientzia mota hauek erronka bat izaten dira normalean eta, horregatik, hautagaiak aurre egiteko gai izango diren edo ez baloratu behar da.
Zein da praktiken iraupena?
Ez dago iraupen zehatz bat, praktika bakoitza ezberdina da. 15 eguneko praktikak daude eta, bestalde, enpresa-praktiketan –tutore batekin– hilabete bateko iraupena dago Frantziako kasuan eta hiru hilabetekoa Pirinioetako hegoaldean.
Zein da Lanbide Heziketako egoera Euskadin? Zein da mugikortasun-portzentajea ikasle eta irakasleen artea?
Mugikortasun-portzentajea nahiko altua da. Orain arte, Leonardo edo Erasmus bezalako programek % 10eko mugikortasuna lortzea zuten helburu, eta Euskadin % 10 horretan gaude hain zuzen ere. Joan den urtean, 1.200 pertsona mugitu ziren Europan zehar ikasle eta irakasleen artean, gutxi gora-behera 10 bakoitzeko bat. Europan bi edo hiru eskualdek baino ez dute mugikortasun-maila hau; Alemaniak % 3 bat du, Frantziak % 2 bat... beraz, gure mugikortasun-maila altuenetakoa da eta zentzu honetan esfortzu garrantzitsua egin da.
Nola antolatzen da mugikortasun hori?
Zentroek nazioartekotze-proiektu bat sortu behar dute ikasleek zein irakasleek esperientzia berriak bizi ahal izateko atzerrian. Horretarako, beste zentro batzuekin jarri behar dira harremanetan, beste herrialde batzuetan, eta elkarren arteko proiektu bat egin. Normalean, proiektu horiek europar programen laguntzak jasotzen dituzte eta gure kasuan, Eusko Jaurlaritzarena ere. Finantzaketa-bide guztien artean, urtero bost milioi euro inguru inbertitzen ari dira Euskadin mugikortasun-proiektu hauetan.
Zeintzuk dira sektorerik aktiboenak?
Aukera-sorta handia da. Ostalaritza, Mekanika, Administrazioa eta Turismoa multzorik aktiboenak izan daitezke, baina Lanbide Heziketako familia guztiek parte-hartze handiagoa edo txikiagoa dute.
Astearte honetako jardunaldian zehar, hainbat topaketa informal antolatu dira zentro eta Gobernuetako ordezkari teknikoen artean. ¿Zein da topaketa hauen xedea?
Proiektuak eraikitzea, zentroak lekuren batean biltzea zailena baita. Ekimen honen bidez, herrialde bakoitzeko hezkuntza-sistemak nola funtzionatzen duen azaldu diegu bertaratutakoei eta, ostean, lehen kontaktu bat izateko aukera izan dute etorkizunean proiektu bat martxan jartzeko.