Gizartea -

Polizia operazioa

Gazte talde bat atxilotu dute, 20 etxebizitzatan lapurtzea leporatuta

18 eta 25 urte arteko hiru gazte dira atxilotuak. Urdaibaiko eta Mungialdeko zenbait etxebizitzatan indarkeria erabilita lapurreta egitea egotzi diete.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

18, 21 eta 25 urteko hiru gazte atxilotu ditu Ertzaintzak, Bizkaiko familia bakarreko etxebizitzetan indarra erabilita lapurretak egiten espezializatuta zegoen talde bateko kideak izatea leporatuta, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.

Urdaibaiko eta Mungialdeko hainbat herritan azkenaldian eginiko hogei lapurretarekin erlazionatu dituzte atxilotuak.

Azaroan, Ertzaintzak hogei salaketa inguru jaso zituen, Bizkaiko hainbat udalerritako familia bakarreko etxebizitzetan eginiko lapurretengatik. Zehazki, Mungia, Maruri, Errigoiti, Gatika, Gamiz-Fika, Arrieta, Arratzu, Muxika, Mundaka, Ajangiz eta Lezama dira udalerri horiek.

Kasurik gehienetan, lapurretak goizez egin zituzten, eta bizilagunak etxean ez zeudela aprobetxatu zuten lapurrek, etxeetara sartzeko. Dirudienez, aurretiaz lapurrek zelatatu egin zituzten bizilagunak, eta, normalean, ateak edo leihoak indarrez irekitzen zituzten etxe barrura sartzeko.

Atxilotuetako bat kartzelan sartu dute, eta beste biek epaitegira joan beharko dute hamabostean behin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea